Barraskiloak gizentzeko pentsu bila
2003/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Barraskiloen hazkuntzan, beste edozein hazkuntza-mota artifizialetan bezala, eragile asko hartu behar izaten dira kontuan: populazioaren dentsitatea, tenperatura, argitasuna, inguruaren eta barraskiloen garbitasuna, hezetasun-kondizio egokiak, eta, nola ez, elikadura.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile-talde bat, haztegietako barraskiloen elikadura hobetzeko lanean ari da. Izan ere, haztegietan dauden bitartean —errefauez, hirustaz eta beste belar eta barazki batzuez betetako gizentzegune naturaletara pasa aurretik— barraskiloek eurendako propio prestatutako pentsua jaten dute.
Pentsuaren kalitateak zerikusi handia izaten du barraskiloen hazkuntzan. Zenbat eta pentsu hobea izan, zenbat eta janari orekatuagoa izan, barraskiloak hobeto eta osasuntsuago hazten dira. Pisura saltzen den elikagaia izanik, bistan dago pentsu egokia emateak haztegien errentagarritasunean izan dezakeen eragina.
Hazkuntza aztertzen
Barraskiloak zenbat oxigeno xurgatzen duten jakiteko proba.Pentsua hobetzeko ikerketa horietako bat Leioako Zientzia Fakultatean egiten ari dira, Mercedes Ortega irakaslearen zuzendaritzapean. Barraskilo bakoitzak zer eta zenbat jaten duen jakin nahi dute, lehenik, ikertzaileek. Horretarako, barraskiloek banakako tratamendua jasotzen dute Leioako laborategietan. Laborategira iristen direnerako, barraskilo bakoitzari zenbaki bat jartzen diote maskorrean, gero bakoitzaren gorabehera guztiak erraz jakin ahal izateko.
Barraskiloak banan-banan hartu, eta pisatu eta neurtu egiten dituzte lehendabizi. Horrela, laborategira iristen direnean zer tamaina duten jakiten dute.
Hasierako datuak jaso eta gero, barraskiloak kristalezko kaxatxoetan sartzen dituzte eta ura eta elikagaia jartzen dizkiete. Egun batzuetan kaxetan egongo dira, egonean gehienbat eta beraientzako prestatutako pentsua jaten gainerako denboran. Une oro kontrolpean izaten dituzte, eta behin baino gehiagotan hartu eta pisatu egiten dituzte. Beraientzako hezetasun- eta tenperatura-kondizio ahalik eta onenetan edukitzen dituzte gainera, gorabeherarik gabe lasai egon daitezen.
Hasieratik banan-banan identifikatzen dituzte barraskiloak.Barraskiloek zenbat oxigeno xurgatzen duten jakiteko, manometroak erabiltzen dituzte. Barraskiloa barruan dagoela, manometroak uretan jarri behar dira. Berun-zatiak jartzen zaizkie aldamenetan, ontziak ur gainera irten ez daitezen.
Gorotzak ere aztertzen dira, beren konposizioa eta pisua, betiere barraskiloak banan-bana aztertuta. Barraskiloak hartu, kaxetatik atera eta gorotza eta geratzen den janaria pisatzen dituzte. Horrela, barraskiloak zenbat jan duen eta zenbat kaka egin duen jakiten dute eta, ondorioz, jandakotik zenbat aprobetxatu duen.
Hori baino teknika konplexuagoak ere erabiltzen dituzte EHUko ikertzaileek. Proba horien helburua ere hazkundea neurtzea da, baina barraskiloaren hazkunde orokorra ez ezik atal bakoitzarena ere jakin nahi dute.
Kaioletan pentsua jartzen zaie barraskiloei.Horretarako, animaliak disekzionatu egiten dira, energia gorputzaren zein ataletara joaten den jakiteko. Gero, lagin horiek hartu eta liofilizatu egiten dira, hau da, laginak izoztu egiten dira eta gero lagin horiei ura kentzen zaie, lehortu egiten dira. Lagina izoztua egoten denez, barruan dauden gai biokimikoak —proteinak, lipidoak, karbohidratoak eta abar— ez dira aldatzen. Lagina liofilizatua dagoenean, analisi biokimikoak egiteko homogeneizatu egiten da, homogeneo bihurtu, hauts bihurtu. Gero, hauts homogeno hori gorde, eta, behar denean, analizatu egiten da.
Proba horietatik guztietatik ateratako datuak aztertuta, barraskiloen hazkundean erabiltzeko pentsurik onena garatu nahi dute EHUko ikertzaileek. Izan ere, badirudi barraskiloen hazkundea, helizikultura alegia, gero eta gehiago hedatuko den jarduera ekonomikoa dela.
Helizikultura hastapenetan Euskal Herrian
Jarduera ekonomikoa den aldetik, EHUko ikertzaileak ez dira bakarrik ari lanean. Lezon dagoen barraskilo-haztegi batekin ari dira elkarlanean. Jokin Urdangarin lezotarrarena da haztegia, eta handik irteten diren barraskiloak Jep Euskadi izenpean merkaturatzen ditu. Leioako laborategietan aztertzen diren barraskiloak haztegi horretatik irtendako Helix aspersa Müller espeziekoak dira.
Lezoko barraskilo-haztegia ugalketarako prestatuta dago, kopulazioa du helburu. Hortaz, barraskiloak oso ondo zainduta daude. Tenperatura egokian egoten dira une oro, 14 eta 24 gradu artean eta % 60tik gorako hezetasunarekin, barraskiloek inguru epel eta hezeak atsegin baitituzte. Horretaz gain, ondo elikatuta eta garbi egoten dira. Gehiagorako tokia dagoen arren, 20 kaiola baino ez daude toki horretan. Kaiola bakoitzean 500 barraskilo inguru; hortaz 10.000ren bat barraskilo guztira. Kaiola gehiago jarriko lituzkete haztegian, baina gero gizentzeguneak ere behar direnez, ezin zaie irteerarik eman.
Barraskiloek pentsu asko jaten dute. Pentsu horren oinarrian artoa, soja, garia, kaltzioa eta bitaminak daude, eta beste osagai batzuk ere bai. Katalunian urteetan erabili duten bera da, ez EHUko ikertzaileak prestatzen ari direna. Pentsu asko jaten dutenez, barraskiloek kaka ere asko egiten dute. Horregatik, kaiolak ondo garbitu behar dira, gaixotasunak saihesteko.
Kopula bukatu eta gero hari fin-fin batek elkatzen ditu barraskiloak.Ura erabiltzen dute horretarako. Kaiolak burdin harizkoak direnez, ureztatze-sistema automatikoa dute, behar denean ura bota eta gorotzak lurrera eror daitezen.
Ugaltzea helburu
Haztegiko eginbehar garrantzitsuena kopulazioa da. Hamabi ordu iraun dezakeen dantzaren ondoren, barraskiloak lotu egiten dira. Batak arrarena egiten du eta besteak emearena, hermafroditak baitira. Arrari adar-moduko bat ateratzen zaio lepotik, eta emearen lepoan ezartzen du. Berez, barraskiloak gautarrak dira, eta gaua erabiltzen dute, besteak beste, kopulaziorako, baina, urarekin bustiz gero, esnatu eta egunez ere izaten dute elkarri lotzeko joera. Kopulazioak 24 ordu inguru irauten du. Bukatzen denean, barraskiloak bereizi egiten dira, baina ez erabat. Oraindik elkarrekin lotzen dituen hari fin garden-gardena geratzen zaie, kopulazioa bukatu den seinale.
Haztegitik gizentzegunera eramatem dira animaliak.Kopulazioa gertatu eta 5-6 ordura, barraskilo emeak tokia aurkitu behar izaten du arrautzak erruteko. Barraskiloak lurpean erruten ditu arrautzak, 200en bat kopula bakoitzeko. Errunaldia bakar-bakarrik egiten du barraskiloak, horretarako propio prestatzen diren ontzietan. Kaioletako loreontzietan begiratu eta, ustez arrautzak dituztenak, atera egiten dira. Barraskiloari poliki-poliki tira egin eta berehala askatzen bada, arrautza guztiak errun dituen seinale da; lurrari ondo itsatsita badago, berriz, oraindik erruten ariko da. Arrautzak egun batzuetan loreontzi horietan egoten dira, baina, gero, beste batzuetara aldatu behar izaten dira. Gutxi gorabehera 21 egun igaro eta gero, barraskilo kumeak jaiotzen dira.
Arrautzak gizentzegunera eramaten dira, hau da, barraskiloak gizendu daitezen prestatutako belardietara. Lezoko haztegiko gizentze-gunea Errenteriako baserri batean dago. Arrautzetatik irteten direnean, bereziki prestatutako guneetan, barraskiloek errefaua eta hirusta aurkitzen dituzte nonahi. Hilabete batzuk ematen dituzte gizentzen. Gero jaso egiten dituzte eta Kataluniara bidali. Han garbitu, egosi eta izoztu egiten dituzte, gero poltsetan sartu eta giza kontsumora bideratzeko. Aurten milioi bat barraskilo inguru irten dira Errenteriako gizentzegunetik.
Gizentze-gunera bidali ez diren barraskiloak, haztegikoak, urria aldera lokartu egiten dira. Zakuetan sartu eta Bartzelonara eramaten dituzte, hango hozkailu berezietan 5-6 gradutan igaro dezaten neguko loaldia. Datorren udaberrian berriro hona ekarriko dituzte gehienak, indartsuenak. Beraz, genetikoki hobetutako barraskiloak dira, belaunaldiz belaunaldi barraskilorik osasuntsu eta indartsuenak aukeratzen direlako.
Arrautzak jartzen.Barraskiloa, hainbat jakingarri
- Ez dago garbi ikusmenik duen edo ez, tentakuluekin ukitu arte ez baitu erreakzionatzen bidean aurkitzen dituen oztopoekin. Argi indartsuekin ez du ezer ikusten, eta badirudi iluntasunean formak antzemateko gai dela. Mutua bada, eta gorra izatea ere baliteke. Dena den, airearen mugimenduak edo tenperaturaren aldaketak bereizten ditu. Dastamena, ukimena eta usaimena oso garatuta ditu.
- Hermafrodita da, baina ez erabatekoa, ugaltzeko beste barraskilo baten beharra baitu.
- Argiak garrantzia handia du barraskiloaren bizitzan, lo egiteko iluntasunaren bila aritzen baita. Gauez edo argi gutxiko egunetan mugitzen da; sekula ez eguzkia dagoenean, nahiz eta lurra bustita egon.
- Hezetasuna eta euria ditu lagun, orduan aprobetxatzen du jateko, mugitzeko zein ugaltzeko; lehorteak logurea ematen dio.
- Oxigeno gutxi dagoen inguruan egonez gero, barraskiloa maskorrean sartzen da; horrela, oxigeno gutxiago behar izaten du.
- Barraskiloan maskorra eta gorputza bereizten dira. Maskorrak babesa ematen dio barraskiloari. Kolpetatik babesten du, berotik, argitik, hotzetik, eta abar. Gorputzean burua, errai-masa eta oina bereizten dira. Buruan begidun bi tentakulu eta azpian ukimenerako beste bi daude. Azpirago, berriz, ahoa. Atzean, oinaren gainaldean, sexu organua ageri du. Oina gorputzaren erdia inguru izaten da, eta mugitzen laguntzen dion mukiaren sorlekua. Maskorraren barrualdean errai-masa du, digestio-, arnasketa-, iraizte-, zirkulazio-, eta ugaltze aparatuekin.
- Sagu, arratoi, muxar, azeri, zozo, bele, suge, musker, eta igel-espezie batzuen elikatze-ohituretan barraskiloak ere badaude, baita intsektu edo koleoptero batzuenetan ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia