}

Bananak eta CRISPR

2019/09/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bananak eta CRISPR. Bikote xelebrea. Ohiko fruta jangarri bat bata, eta genetikaren teknika iraultzaile bat bestea. Nature aldizkarikoek diotenez bananak salbatzeko, CRISPR erabili behar da. Proposatzen dutenez, bananaren etorkizunaren aukera bakarrenetako bat CRISPR teknika erabiltzea izan liteke. 

bananak-eta-crispr
Arg. Wikimedia

Banana salbatzea. Bananaren etorkizuna. Zertaz ari gara? Tira, ba kontua da jaten dugun banana barietatea desagertzeko arriskuan dagoela. Lurzoruan bizi den onddo batek gaixotzen du banana, Fusarium oxysporum espeziearen andui batek. Andui bat da espezie horren populazio jakin bat, denak jatorrizko zelula bakarraren ondorengoa direnak. Hain zuzen ere, Foc–TR4 deitzen den andui batek Cavendish izeneko barietateari eragiten dio. Munduan salerosten den bananaren %99a da Cavendish barietatea.

Onddo batek eragindako gaixotasuna ez litzateke hain larritzekoa izango banana monolaborantza bat izango ez balitz. Hau da, kontua da gizakiok Cavendish bananaren monolaborantza bat egin dugula. Eta horrelako gaixotasunak erraz zabaltzen dira monolaborantza batean. 

Gainera, beste arazo bat dago. Banana ez da modu tradizionalean landatzen. Antzua da. Hau da, produkzioa behar bezala ziurtatzeko, antzu bihurtu dugu, eta klonazioaren bidez hazten dugu. Beraz, Cavendish banana, arrisku larrian dago. 

Soluzioa? Landarea erresistentea bilakatzea Foc–TR4 anduiaren kontra. Sinplea dirudi, baina ez da. Eta adituek esaten dute hori genetikoki eraldatuta egin behar dela. Agian, CRISPR teknikaren bidez.

Bide batez, ez da lehen aldia horixe bera gertatzen dena: bananaren beste barietate bat, Gros Michel izenekoa, ia desagertu zen garai batean onddo beraren beste andui batek eraso eginda. Hain zuzen, horregatik hasi ginen Cavendish barietatea erabiltzen, andui harekiko erresistentea delako. Baina beste andui bat da hau, eta arazoa berriz agertu da.

Berriz agertu da, eta indartsu sartu da Hegoamerikan. Kolonbian oso kezkatuta daude. Landare asko ari dira galtzen, eta ez da fungizidekin hiltzen. Eta ez da Hegoamerikan bakarrik gertatzen ari. Arazoa Afrikan ere detektatu zuten, Mozanbiken adibidez, eta Asian eta Australian aspaldikoa da.

Hain zuzen ere, Australiako Queensland University of Technologyko adituak ari dira probak egiten banana basati baten gene bat Cavendish bananari txertatuta. Ondo doa esperimentua. Gene horrek funtzionatzen du. Dena dela, gene hori beste banana barietate batetik dator, eta Cavendishek berak ere badu gene hori bera, baina isilduta. Beraz, aktibatuz gero, ez litzateke beste gene arrotz bat erabili behar. Hor sartzen da CRISPR teknika, harekin Cavendishek berez duen gaitasun bat aktibatu nahi da.

Banana eta CRISPR. Bikote xelebrea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia