Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ba al dakizu zer den anbar grisa?

2008/11/02 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Anbar grisaren jatorria misterio bat izan zen hasieran, eta, gaur egun, askok ez dakite zer den eta nondik ateratzen den substantzia bitxi hori. Hondartzetan edo itsasoko uretan flotatzen, materia gris bat agertzen da batzuetan, oso usain berezia duena. Baina, nondik dator? Zatoz anbar grisaren misterioa pausoz pauso argitzera.

Anbar grisa itsasoan flotatzen agertzen da, baina hasieran inork ez zekien zein zen haren jatorria.
Peter Kaminski

Zergatik deitu zioten anbar grisa? Anbararen —zuhaitzen erretxina fosilizatuaren— jatorria ere misterio bat zen garai batean. Itsasoan aurkitzen zuten materia anbararen antzekoa zen, eta, bere koloreagatik, anbar grisa deitu zioten. Oso gutxitan aurkitzen zen, eta ezin zen aldez aurretik asmatu noiz eta non aurkituko zuten. Horregatik, luxuzko material bihurtu zen oso azkar.

Anbar grisak oso usain berezia du, eta laster ikusi zuten propietate berezi bat zuela: substantzia usaindun batekin nahasiz gero, usaina denbora luzeagoz mantentzen zen. Horregatik, perfume eta lurrinetan erabiltzen hasi ziren. Gainera, sukaldaritzarako propietateak ere aurkitu zizkioten, haren usainak zapore berezia ematen baitzion janariari. Esaten dutenez, Ingalaterrako Karlos II.aren jaki gogokoena ziren anbar grisarekin ondutako arrautzak.

Anbar grisaren berezitasunak, alde batetik, eta haren jatorri misteriotsuak, bestetik, propietate bereziak zituelako ustea zabaltzen lagundu zuten: medikuntzan erabiltzen zen, alkimian, afrodisiako gisa... Izurri Beltza hedatu zenean, gaixotasuna aire bidez kutsatzen zela uste zuten, eta anbararen usain bereziak kutsadura saihesten zuela pentsatzen zuten.

Azalpen okerrak

Zuen balioarengatik, guztiek jakin nahi zuten non sortzen zen anbar grisa, jatorria aurkitu eta salmentekin aberasteko. Asko izan ziren misterioari azalpenak emateko eman ziren ideiak: itsasoko kobazulo batzuetan sortzen zela, zuhaitz berezi baten sustraiek, lur azpitik, itsasorantz egiten zutela berotasun bila eta haiek sortzen zutela anbar grisa...

Anbar grisa lurrinetan erabiltzen da usaina denbora luzeagoz mantentzen laguntzen duelako. (morgueFile)

Baina laster ikusi zuten anbar grisaren eta kaxaloteen artean bazegoela erlaziorik. Marinel askoren hitzetan, kaxaloteen digestio-hodian aurkitzen zuten anbar grisa gehienetan. Irentsi egiten zutela uste zuten; beraz, kaxaloteak bizi ziren guneetan bilatzen zuten materia preziatua.

Baina —eta hemen dago misterioaren azalpena— egia guztiz kontrakoa da. Kaxaloteek ez dute anbar grisa irensten, beraiek sortu eta askatzen dute. Zer da, bada, anbar grisa?

Kaxaloteen hesteen sekretua

Kaxaloteek oso gustuko dituzte txibi erraldoiak, baina txibien mokoak eta beste zati gogor batzuek zauriak eragin ditzakete haien hesteetan. Horietatik babesteko, kaxalote-hesteek ore zurixka bat sortzen dute, eta, horrekin, zauriak eragin ditzaketen zatiak estaltzen dituzte. Hala, digeritzen ez dituzten zatiak estali eta kanporatu egiten dituzte.

Kaxaloteak dira anbar grisaren misterioaren jabeak
Miguel Lebre de Freitas

Kaxaloteen hesteetako ore zuri hori ez da ezagutzen dugun anbar grisa bezalakoa: zuria da, biguna eta ez du oso usain ona —gorotz-usain nabarmena du—. Baina itsasoko uraren gatzak eragiten dion oxidazioarengatik eta eguzki-argiak eragiten duen fotodegradazioarengatik, ilundu egiten da, eta usaina aldatzen zaio, hondartzetan edo flotatzen aurkitzen den materia bilakatu arte.

Asko ikertu den arren, ez da lortu laborategian anbar gris artifiziala sortzea. Antzekoa bai, baina ez propietate guztiz berdinak dituena, eta, hala ere, materia artifizialak ere oso garestiak dira. Gaur egun, lurrinetan bakarrik erabiltzen da anbar grisa —naturala nahiz sintetikoa—. Ingalaterrako Karlos II.ak jakin izan balu kaxalote-gorotzarekin ontzen zituela bazkariko arrautzak!

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia