Azken arrastoen arabera, Marte leku egokia izan zitekeen bizitzarako
2013/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Curiosity ibilgailua Marteren azalean jarri zutenean, bi helburu zituela esan zuten NASAkoek: batetik, konposatu organikoen arrastoak bilatzea, eta, bestetik, garai batean bizia izateko kondizioen aztarnak topatzea. Bada, orain jakinarazi dutenez, bigarren helburua bete du dagoeneko.
Lehen helburuan arrakasta izatea oso zaila dela aitortu dute, konposatu organikoak erraz degradatzen baitira, baina bigarrena ere ez zen erraza. Hain zuzen, orain arte analizatu dituzten laginetan oxidatzaileak eta bizitzarako aukera ukatzen zuten gatzak topatu dituzte. Oraingoan, ordea, juxtu kontrakoaren berri eman dute, hau da, bizia ahalbidetzen duten konposatuak eta kondizio egokiak dituen ingurua aurkitu dituzte.
Lagina Yellowknife badian hartu zuen Curiosityk, eta ibilgailuak berak duen laborategian aztertu zen. Emaitzen arabera, badirudi lekua ibai-sistema baten parte edo aintzira bat izan zela tarteka. Izan ere, arrokak buztina du, eta mikroorganismoentzat energia-iturri aproposa izan zitezkeen sulfatoak eta sulfitoak. Gainera, beste batzuetan ez bezala, ingurua neutroa edo pittin bat alkalinoa da; bizitzarako egokia, beraz.
John Gotzinger Mars Science Laboratory proiektuaren zuzendariak aurreratu duenez, “hurrengo hilabete eta urteetan Curiosityk aurkikuntza zirraragarri gehiago” egingo dituela espero dute. Ibilgailua joan den abuztuan iritsi zen Marteren azalera, bi urtez funtzionatzeko xedearekin.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia