}

Azeria, azerikeriatan maisu

1991/10/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ugaztunen artean ospetsuen eta ezagunena dugu. Animalia honen abileziak eta lapurretarako trebetasunak aipamen berezia dute gure inguruko kultura guztietan, eta seguru esan genezake ez dela ez haurrik ez heldurik azeriaren itxura eta ohituren berri ez duenik.
Azeriak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Ugaztunen artean ospetsuen eta ezagunena dugu. Bere maltzurkeria eta zuhurkeriak, eta egoerarik desberdinetara egokitzeko duen ahalmenak, makina bat ipuin, olerki, kanta eta abarretako protagonista bihurtu dute azeria ( Vulpes vulpes ), ipar hemisferioko piztien artean aparteko lekua izatera iritsi delarik. Animalia honen abileziak eta lapurretarako trebetasunak aipamen berezia dute gure inguruko kultura guztietan, eta seguru esan genezake ez dela ez haurrik ez heldurik azeriaren itxura eta ohituren berri ez duenik.

Hala ere, eta argazki nahiz marrazkitan, zinean edota bideoz sarri azaldu zaigun arren, bere ezaugarri nagusiak aipatuko ditugu. Azeria kanidoa dugu, eta beraz itxura oro har txakur txiki batena du: buru eta soinaren luzera 70-80 cm-koa izan ohi da, eta isatsarena berriz 50-60 cm-koa, 6-8 kg-ko pisua izan dezakeelarik. Burua luzeska du, eta normalean belarri zorrotzak tente daramatza. Begi laranja biziak ditu. Larru gozoa bi motako ilez jantzia du: batzuk laburrak eta leunak dira, eta animalia hotzetik babesten duen geruza osatzen dute.

Animalia honen abileziak eta lapurretarako trebetasunak aipamen berezia dute gure inguruko kultura guztietan.

Besteak berriz, luze eta sendoagoak, kanpo aldetik ikusten den kolorezko ilajea eratzen dutenak dira. Ilajea aldatu egiten da noski urte-sasoiaren arabera, eta neguan luze eta trinkoa den arren, udan laburra eta finagoa izaten da, animaliari itxura lirainagoa emanez. Azeriak hanka luze eta sendoak ditu, eta berauei esker bide luzea egin dezake egunero. Kolorazioa oso aldakorra gerta daiteke, baina gaineko aldetik tonu arre gorriskak dira nagusi, nahiz eta ale gris edota horiskak ere ikus daitezkeen. Azpi aldea berriz, lepapea, bularra eta sabela, zuriskak edo gris argiak izaten ditu.

Muturrean ile-xerlo zuriz apainduta daraman isats iletsu berezia erabilgarri gertatzen zaio oso, bai defentsa-tresna modura, lurraldearen babeserako dituen borroketan, bai beroki gisara, neguko hotzetan atseden hartzean soina biltzeko, eta baita lasterrean edota ibilian doanean ere, oreka-lematzat erabiltzeko.

Oro har azeriaren itxurak, bere mugimenduek, liraintasuna ageri dute, eta mendian gora eta behera dabilenean, ibilian baino gehiago sugearen moduan labainduz doala dirudi. Ohitura gautarrekoa den arren, egunez ere maiz ikus daiteke bere menpekotzat dituen bazterrak arakatzen ari dela. Izan ere azeria animalia lurraldekoia da, baina ez da zorrotzegia kontu hauetan, eta ugal-sasoian izan ezik bere mugak oso aldakorrak gerta daitezke. Bestalde, arrek ondotxo onartzen dituzte emeak beren lurraldeetan.

Azeriak hanka luze eta sendoak ditu, eta berauei esker bide luzea egin dezake egunero.

Zakurrek bezala, azeriek ere seinale usaintsuak erabiltzen dituzte beren lurraldearen mugak ezartzeko; seinale hauek leku ikuskor eta nabarmenetan uzten dituzte, hala nola hesoholetan, harkaitz edo zuhaitz bakarretan, inurritegietan, etab.etan, eta baita trikuetan ere, beraien gainean pix eginez seinale mugikorrak uzten dituztelarik —trikua bera ere animalia lurraldekoia bait da—.

Esan bezala ordea, azeria animalia gautarra da batipat, eguna sasiren baten azpian, zuhaitz-ipurdiren batean edo beste edozein bazterretan etzanda botatzen duelarik. Ilunabarrean berriz, babeslekutik irten eta errekaren batera hurbilduko da edatera, ondoren janari bila abiatzeko: ehizerako ordua da. Azeriak bere lurraldeko inguru guztiak behin eta berriro miatzen ditu etengabeko erronda burutuz; bide-zidorrak, harriak, zuloak, sasiak, eta txoko denak arakatuz, bere bizilekuan gertatzen den guztiaz jabetzen da. Hortzaduraren arabera karniboroen taldean sailkatu den arren, azeriak bestelakorik ere jaten du, eta bere dietan mota guztietako fruituak sartzen dira: urrak, gaztainak, ezkurrak, pago-ezkurrak, gereziak, ahabiak, mazustak, marrubiak, basaranak, etab.

Hala ere ehiztari bikaina da, eta bere harrapakinen artean intsektuetatik hasi eta orkatz edota sarrioaren kumeetarainoko animaliak sartzen dira. Hala ere saguak, satitsuak eta beste mikrougaztunak dira bere ehizakirik normalenak. Erbi, untxi, marmota eta eperren atzetik ere ibiltzen da, eta habi-lapurretak ere ematen dio etekinik, lurrean txitatzen duten hegaztien arrautza eta txitoak harrapatzen ditu eta. Era berean aintzira eta paduretako lezkadietan ere ausartzen da bertan habia egiten duen palmipedoren bat edo beste eskuratzeko saioan. Udan berriz intsektuak, narrastiak eta saguak jaten ditu batez ere. Azkenik, sarraskiei eta beste elikagai-hondakinei ere ez die muzin egiten, eta horregatik gaur egun zabortegietara ere bapo egokitu zaigu.

Ohitura gautarrekoa den arren, egunez ere maiz ikus daiteke bere menpekotzat dituen bazterrak arakatzen.

Azeriaren ibilera azkarra eta bihurria da, eta trebetasun handia du arrastaka, sabelaz ia lurra ukituz, mugitzeko. Horrez gain korrikalari bikaina ere bada, eta sekulako jauziak egin ditzake arriskutik ihes egin beharrean badago. Bestalde, zentzu zorrotzak ditu oso, hauen artean garapen handiena lortu duena entzumena izanik. Usaimena ere ehiza-txakur batenarekin konparatzeko modukoa du, baina bere ikusmena aldiz, ez da hain zorrotza; zuribeltzean baizik ez du ikusten eta, gainerako ugaztun gehienek bezala.

Araldia urtarril inguruan hasten da, eta sasoi horretan arren arteko borrokak gertatzen dira, lurraldea eta emeak direla kausa. Urtaro honetako gau hotzetan maiz entzun daitezke arren zaunkada ozen bereziak.

Bikotea osatu orduko lehen lana beren lurraldean diratekeen gainerako azeriak uxatzea izango da. 62 egunetako iraupena duen ernaldian zehar, emeak inguruko zulo guztiak aztertzen ditu, hauetariko aproposenak konpondu eta egokituz. Azken unean aukeratuko duen zuloan, 3-6 kumez erdituko da, eta hauek lau aste dauzkatenerako, jadanik begiak zabaldu eta zulo-atarira hurbildu ere egingo dira. Garai honetan arra izango da familiaren elikaduraren erantzule, eta maiz atera beharko du ehizera. Bitartean emea, kumeei titia emateaz, eta zuloaren inguruak zaintzeaz arduratzen da. Kumeak hazi behar dituenean, azeria ikaragarri ausart bilakatzen da; arrak oilategi eta antzerakoei erasotzen die, familiaren premiak ase nahian, eta emea gizakiari berari ere aurre egiteko gai da zuloan dauden kumeak defendatzearren.

62 egunetako iraupena duen ernaldian zehar, emeak inguruko zulo guztiak aztertzen ditu, hauetariko aproposenak konpondu eta egokituz.

Horrelakoetan, eta arriskuren bat somatuz gero, emeak kumeak hartu, eta banaka-banaka beste zulo batera eramaten ditu. Azerikumeak ikaragarri jostalariak dira eta ahal bezain laster zulo inguruko bazter guztiak aztertzeari ekingo diote, beti amaren zaintza zorrotzaren menpean bada ere. Hiru hilabete betetzerako gurasoekin batera aterako dira ehizera, eta azkar ikasi beharko dute; udazkena iristean familia sakabanatu egingo bait da. Hala ere, gazteak gurasoen lurraldean edota honen inguruan geratuko dira oraindik.

Azeria Europa osoan bizi da, Islandian eta irla arktikoetan izan ezik. Euskal Herrian berriz lurralde osoan aurki daiteke, itsas mailatik hasi eta Piriniotaraino, Bardeetako lur idorretan nahiz Iratiko oihanean, edota Urdaibaiko paduretan, eta baita Bilbo inguruko zabortegietan ere, bertan hondakinez eta hauen kontura ugaltzen diren karraskariez elikatzen delarik. Espezie ubikista izaki, edozein motatako habitatetara egokitzeko gai da, eta bestalde ugalkortasun-maila handikoa gainera. Ez da harritzekoa beraz azeria Euskal Herriko karnibororik ugariena izatea.

Azeriak ez du egun etsai naturalik ia. Izan ere otsoa desagertua bait da gure Herrian, eta arrano beltza ere oso urria da dagoenekoz. Ondorioz, gizakia da animalia honi geratzen zaion etsai bakarra, baina ez nolanahikoa. Gizakiak betidanik ehizatu du azeria; batipat aziendei erasotzen dielako, beste zenbait espezierentzat kaltegarritzat jo izan delako, edota besterik gabe bere larru ederraz jabetzeko asmo hutsagatik.

Azeria Europa osoan bizi da, Islandian eta irla arktikoetan izan ezik.

II. Mundu-Gerraren ostean ordea, laugarren arrazoia sortu zen; alegia, azeria hidrofobiaren transmisore zela jakin zen. Harez gero makina bat saio egin da Europa osoan animalia honen populazioa kontrolatzeko, baina ezin esan daiteke oso arrakastatsuak izan direnik; azeriak ugalkortasun handia eta edozein habitatetara egokitzeko duen gaitasuna kontrajartzen bait dizkie erasoei. Eta eskerrak! Azeria karraskarien kontrolatzaile bikaina bait dugu, eta bere egungo ugaritasuna guk geuk sortutako desoreka ekologikoaren ondorio bait da.

FITXA TEKNIKOA

AZERI ARRUNTA

ESPEZIEA:

Vulpes vulpes
FAMILIA: TXAKURRARENA
ORDENA: KARNIBOROA
KLASEA: UGAZTUNA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia