Atomoak eta piramideak
1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Energia atomikorako Frantziak duen Batzordeko fisikariek, Paris ondoko Saclay herrian dituzten laborategietan kobrezko atomoak kobrezko gainazal laun batean nola ezartzen diren aztertu dute. Atomoak piramideak osatuz pilatzen dira, eta gero gainazal guztira zabaltzeko joera izaten dute.
Migrazio hori tenperaturaren araberakoa izaten da. Tenperatura zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta errazago banatzen dira atomoak gainazalean geruza homogenotan. Tenperatura oso baxua bada ordea, atomoak ez dira sakabanatzen eta gainazal zimurra (atomoaren mailan, noski) osatzen dute. Atomo eta molekulek gainazalean duten erretrodifusioari esker, ikerlariek -73 °C-tan jaulkitako atomoek egitura fraktalak (piramide mailakatuen antzekoak) osatzen dituztela ikusi dute. Atomoek ezin dituzte mailak jaitsi, oztopo energetikoa dutelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia