}

Astronauta mainatsuak ISSn

2001/04/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Denis Tito turista espazialaren inguruko gorabeherak landa, ISSko astronautak gogor ari dira lanean, etxea txukuntzeko lanetan bereziki.

Hiru aste badira Yuri Usatxev, Jim Voss eta Susan Helms astronautak Nazioarteko Espazio Estazioan daudela eta tarte horretan hainbat arazo teknikori aurre egin behar izan diote. Batetik, estaziotik Lurrera informazio eta irudiak abiadura handian transmititzea posible egingo duen Ku bandako antena martxan jartzeko lanek poliki egiten dute aurrera. Badirudi programa informatikoek antenaren orientazioan akatsak eragiten dituztela eta Lurretik adabaki bat bidali beharko dela. Horrek esan nahi du S bandako audio-sisteman transmititzen jarraitu beharko dutela, hau da, poliki. Gainera, Destiny moduluan egiten diren ikerketetako datuak oraindik ezin dira Lurrera transmititu.

Bestalde, Destiny moduluko hainbat gailuk ez du ongi funtzionatzen. Batetik, kondentsazioa deuseztatzeko sistemetako bat ez dabil eta gelako tenperatura handitu behar izan dute kondentsazioa eragozteko; bestetik, oraindik ez dute lortu CO2a kanporatzeko sistema martxan jartzea. Ustez, balbula akastun bat da erruduna. Oraingoz, ISSn hiru lagun besterik ez direnez, Zvezda moduluan dagoenarekin konpontzen dira baina aurrera begira funtsezkoa da Destiny moduluan dagoena ere martxan ipintzea.

Atzerapenak eta murrizketak

TransHab gelaren irudia.

Lurrean, NASAk martxoaren hasieran aldarrikatutako aurrekontu-murrizketa hizpide da oraindik. Azkenean, astronautentzako bizileku izango zen TransHab gela jaurtitzen ez bada, zaila izango da iragarri bezala ISSn zazpi astronauta batera edukitzea eta estatubatuarren eta errusiarren nagusitasuna ikusita, proiektuko beste herrialdeak kexu agertu dira. Hori dela eta, baliteke Enterprise modulu komertzialaren sustatzaileek hasierako helburuak aldatu eta modulua bizileku ere izateko egokitzea. Hartara, 2003an jaurtiko denez, TransHab gelarekin zer gertatzen den argitu bitartean espazio-agentziek "hotel" gisa alokatu ahal izango lukete. Hala ere, horretarako beharrezkoa da larrialdietarako ibilgailuak izatea eta horiek zein izango diren ere ez dago oso argi. Estatubatuarren X-33 bertan behera geratu zenetik, badirudi errusiarren Soiuz ontziak izango direla lan hori beteko dutenak.

Errusiarrek, bestalde, eskifaiarentzat beharrezko zamaz betetako Progress ontziaren hurrengo jaurtiketa ia hilabete bat atzeratzea erabaki dute. Orain ISSn dagoena, aldiz, hilaren erdian itzuliko da Lurrerantz, estatubatuarren transbordadore espaziala eta Soiuz-TM32a iritsi baino egun batzuk lehenago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia