}

ASTRA 1K satelitea suntsitu egin dute

2002/12/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Inoiz eraiki den komunikazio-satelite zibilik handiena zen ASTRA 1K. Azaroaren amaieran espazioratu zuen errusiarren Proton K ontzi batek, baina azkarregi askatu zuen eta ezin izan da orbitan jarri. Zegokion altuerara eramateko hainbat saiakera egin ondoren, satelitea Lurrera bideratu eta suntsitzea erabaki du Alcatel enpresak.

ASTRA 1K erabat suntsitu dute gaur goizean, Ozeano Barean. Hemen goizaldeko hiruak zirenean sartu da atmosferan eta guztiz desegin dela iragarri du Alcatel enpresak.

Europako telekomunikazioetara iraultza ekarri behar zuen ASTRA 1K sateliteak. Bera bezalako beste hirurekin batera, telebistaren, irratiaren eta Interneten munduan zerbitzu berriak eta hobeak eskainiko zituen laukotea osatu behar zuen.

Alcatel enpresak dagoeneko 13 satelitez osatutako telekomunikazio-sistema bat dauka espazioan eta 1K-k hamalaugarrena izan behar zuen. Orain orbitan dauden hiruren lanak bere gain hartu behar zituen eta etorkizunean jaurti nahi diren beste hirurentzat helduleku izan.

Alcatelek esan duenez, ASTRA 2C eta 1H sateliteak ari dira 1K-ren ordezko lanak egiten, beraz, zerbitzua ematen segituko dute.

Informazio gehiago:
SES ASTRA
Alcatel Space

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia