Asteko argazkia: Haurrek apaindutako gailu ozeanografikoa

Ulysses proiektuaren baitan AZTIk jaurtitako gailua. ARG.: AZTI


Irudiko kutxak jostailu bat dirudien arren, ikerketa ozeanografikorako gailu bat da, eta euskal kostaldeko punturen batean topatuz gero, AZTIk haiekin harremanetan jartzeko eskatu du.

Kutxa hori eta beste 17 jaurti ditu AZTIk Ulysses proiektuaren baitan. Helburua ibai eta ozeanoetako plastiko-kutsadurari aurre egitea da, eta, horretarako, aztertu nahi dute itsas zaborrak euskal kostaldean nola mugitzen diren.

Jaurtitako gailuen erdiak GPSa daramate denbora errealean jarraitu ahal izateko. Beste erdiek ez dute sentsorerik, eta aurkitzen dituzten pertsonen laguntzari esker ezagutu daiteke haien helmuga.

Irudikoa Wooden W016 gailua da, sentsore-gabea, eta harekin batera topatu zuten sentsoredun Traveller T011 gailua. Aldi berean jaurti zituzten biak, eta Saturrarango hondartzan topatu zituzten ordu eta metro gutxiko aldearekin. Hala izanik, ikertzaileek aukera izango dute bi gailuen arteko alderaketa egiteko, eta eskualdeko korronteen eragina hobeto ulertzeko bidea emango du.

Herritarren zientzia funtsezkoa da proiektuan. Haurrek gailuak apaindu dituzte proiektua ezagutzeko eta interesa pizteko helburuarekin, eta gailuak aurkitzen dituzten pertsonek ere jakinarazi dezakete non eta noiz topatu dituzten.

Lehen jaurtiketa honen ostean, proiektuak 1.000 gailu baino gehiago zabaltzea aurreikusten du Bizkaiko golkoan.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ura