Aspirinak uste baino ahalmen gehiago ditu
2001/06/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orain, Holger Hackstein ikerlariak The Journal of Immunology aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, aspirinak beste dohain batzuk ere izan ditzake. Dirudienez, aspirinak bizkarrezur-muineko zelula dendritiko mieloideak inhibitzen ditu. Zelula horien eginkizunak gorputzean barneratzen diren gai arrotzak antzematea eta, ondoren, globulu zuriak jakinaren gainean jartzea dira. Aspirinak, ordea, mezua igortzea eragozten du, zelula dendritikoen heldutasuna galarazten baitu. Ondorioz, zelula horiek ezin dituzte antigeno-lana betetzen duten proteinak ekoitzi.
Ikerketa horrek aspirinak hanturaren aurka duen eraginaren zergatia argitzen du. Lesio bat izandakoan, berehala odola eta globulu zuriak zuzentzen dira toki horretara. Baina, aspirinaren eraginez, zelula dendritikoek ezin badute bere lana bete, globulu zuriak ez dira bertaratzen. Ondorioz, hantura txikiagotu egiten da.
Ikerketa horiek saguetan egin dira, beraz, lehen pausoak besterik ez dira eman. Dena dela, ikertzaileen ustean aspirina gaixotasun autoimmuneak sendatzeko baliagarria izan daiteke, baita transplanteetako errefusak ekiditeko ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia