Artoaren parasito baten genomarekin lanean

Irudiko artaburua ia erabat estaltzen duen hori onddo parasito bat da, eta Ustilago maydis du izena. Artotik jasotzen du behar duen elikagaia, eta ugaltzeko ere beharrezkoa du.

Bada, parasito hori hobeto ezagutu nahian, genoma sekuentziatu diote; eta funtzio ezagunik gabeko proteinak kodetzen dituzten hainbat gene-multzo aurkitu dituzte. Hain zuzen ere, hamabi gene-multzo. Eta gene-multzo horietako zazpi parasitatze-prozesuarekin lotuta daudela uste dute.

Antza denez, parasito horren genomak ez du ia antzik beste parasito batzuen genomekin, hala nola, toxinak edo entzimak erabiltzen dituztenekin; beraz, artoa infektatzeko oso bestelako estrategia bat erabiltzen duela uste dute ikertzaileek.

Argazkia: Christoph Basse.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimikan lizentziatua eta Elhuyar Zientzia unitateko arlo-arduraduna

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia