Artizarrean gaur egun sumendi aktiboak egon daitezkeela baieztatu dute

2020/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Artizarreko Imdr eremuko Idunn sumendiaren tontorra. Arg. ESA/NASA/JPL

1990ko hamarkadan, Artizarrak sumendi ugari dituela erakutsi zuten Magallanes zundaren radar bidezko irudiek, baina ez zekiten aktiboak ote zeuden ala aspaldi itzalita, Marten gertatzen den bezala. Hamar urte geroago, Venus Express zundak erradiazio infragorriz egindako behaketek erakutsi zuten bazeudela jarduera bolkanikoa daukala esateko zantzuak. Eta, orain, frogatu dute laba-jario oso gazteak dituela.

Ondorio horretara iristeko, Artizarreko atmosfera sortu zuten laborategian, eta planetaren azaleko mineralak denborarekin nola eraldatzen diren ikertu dute. Horrela, ikusi dute olibinak (erupzioetan sortzen den mineral bat) azkar erreakzionatzen duela atmosferarekin, eta magnetitaz eta hematitaz estaltzen dela. Laborategiko aldaketak bat egiten du Artizarrean behatutakoarekin. Hortaz, ikerketek iradokitzen dutena egia balitz, eguzki-sisteman gaur egun jarduera bolkanikoa duen bigarren planeta izango litzateke. Science Advances aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia