}

Artikoa, zuritik beltzera

2009/06/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Artikoko zuria beltz bihurtzeko arriskua dago. Auzia ez da berria, baina orain arriskua hurbilago dago. Hain zuzen, Artikoko izotzaren eta uraren pean dauden erregai-erreserben azterketa zehatza argitaratu du Science aldizkarian AEBko Geologia Sailak , eta, datuak ikusita, erregai-enpresa batzuek interes handia agertu dute Artikoko baliabideak ustiatzeko.

Antartikak ez bezala, Artikoak ez du ingurumena babesteko itunik. Antartikako ituna 1959an sortu zen, eta 2041era arte dago indarrean. Horren arabera, ezin da Antartika helburu militarrekin erabili, zientzia-ikerketak egiteko askatasuna dago, eta baliabide naturalak babestuta daude. Guztiz debekatuta dago Antartika komertzialki ustiatzea.

Artikoko izotza urtzeak energia-baliabideak ustiatzeko aukera gehiago ematen ditu. Orain, gainera, erreserben kalkulu zehatza egin dute, eta badakite non eta zenbat dagoen.
(Argazkia: AWI)

Ez da hori gertatzen Artikoarekin. Ozeano Artikoa inguratzen duten herrialdeek (Errusia, Kanada, Danimarka, Norvegia, Suedia, Finlandia eta AEB) ahal zuten adina ustiatu dituzte baliabideak, eta, ez badituzte gehiago ustiatu, Artikoko kondizioek ustiaketak asko zailtzen eta garestitzen dituztelako da, neurri handi batean. Azkenaldian, baina, izotza urtzen ari denez, lehen iristeko zailak ziren leku batzuk eskurago geratzen ari dira.

Horrez gain, AEBko Geologia Sailaren lanari esker, orain, zehaztasun handiz dakite zenbat erregai dagoen eta non. Hala, munduan ustiatu gabe geratzen den petrolioaren % 3 Artikoan dagoela kalkulatu dute, hau da, urtean kontsumitzen denaren halako hiru. Baina, petrolioa baino gehiago, gasa dagoela ikusi dute: munduan urtebetean kontsumitzen dena baino 14 aldiz gehiago.

Erreserba horietatik asko 500 metroko sakonera baino azalerago daude, ustiatzen nahiko errazak izan daitezkeen tokietan, beraz. Eta gehiena Errusiaren eremuan dago. Lehendik ere, errusiarrek badituzte zenbait ustiaketa Artikoan, eta beti izan dute gehiago ustiatzeko asmoa. Horrez gain, dagokien eremua handitzen ere saiatu izan dira.

Errusia, nagusi

Saiakera nabarmenena duela bi urte egin zuten. Nazio Batuen Itsasoaren Legeak lur kontinentaletik 200 miliara mugatzen du herrialde batek ekonomikoki ustiatu dezakeen eremua. Errusiak 2001ean adierazi zion Nazio Batuen Erakundeari Ipar Poloaren hondoko eremu bat, Lomonosov mendikatea, Errusiaren plaka kontinentalaren jarraipena zela. Ez zuen onarpenik jaso, baina, hala ere, 2007an, itsaspeko baten bidez, ikerketa geologikoa egin, eta Errusiako bandera jarri zuten, hantxe, Ipar poloaren azpian, 4.200 metroko sakoneran.

Etsaiek handinahikeria leporatu zioten orduan Errusiari, baina teknikoki halakoak egiteko gai zirela ere erakutsi zuten. Orain ere, ur izoztuen azpian ezkutatzen den erregaia erraz eta merke erauzteko gai izango direlakoan daude.

Baliabideen azterketa egin duten geologo estatubatuarren esanean, Errusiak ustiaketak martxan jartzeak ez du ondoriorik izango erregaien merkatuan; batetik, ez dagoelako merkatua aldatzeko adina petrolio, eta, bestetik, gas-erreserbak handiak izanda ere, lehendik ere Errusia delako munduko gas-ekoizle handiena. Alegia, gas-merkatuaren jaun eta jabe izaten jarraituko dutela. Ingurumenean, ordea, eragin handia izan dezakeela ohartarazi dute geologoek.

Eta, batez ere, horren beldur dira ekologistak eta ingurumenaz arduratzen diren erakundeak. Ez bereziki Errusia delako, AEBk ere ez baitu bermatzen ez duenik erregaia lortzeko ustiaketarik egingo. Hain juxtu, iaz altxatu zuen 17 urtez indarrean izan zen debeku bat, kostan zulaketak egitea debekatzen zuena. Baina erreserba handienak Errusiaren eremuetan daude, eta herrialde horrek dagoeneko adierazi du haiek ustiatzeko asmoa duela.

Edozein modutara, ez dago hain urrutira joan beharrik baliabide naturalak ustiatzen dituzten enpresen interes ekonomikoak eta ingurumenaz arduratzen direnenak aurrez aurre ikusteko; inguruan ere baditugu hainbat adibide...

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia