Artemis I, gizakia berriro Ilargira eramateko misioaren lehen pausoa, atzeratuta

2022/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Artemis I misioaren helburuetako bat SLS suziria probatzea da. Arg. NASA

* Eguneraketa: irailaren 3ra atzeratu du orain NASAk jaurtiketarako hurrengo saiakera. Bi ordutako leihoa 18:17 UTC-etan hasiko da.

Gizakia berriro Ilargira eramateko xedea du Artemis egitasmoak; bereziki, lehen emakumea. Hori 2025an izango dela aurreikusi du NASAk, misioaren eragile nagusiak, baina, aurretik, beste pauso batzuk eman behar zituen. Lehena, Artemis I misioa, gaur jarri behar zuten abian. Arazoak izan dituzte, ordea, eta atzeratu egin behar izan dute. Irailaren 2an saiatuko dira berriro.

Artemis I eskifairik gabeko misioa da, eta haren helburu nagusietako bat NASAren suziririk ahaltsuena probatzea da, SLSa (Space Launch System). Hain justu, suziriaren motoreetako batekin izan dute arazoa, ez baitute lortu behar bezainbeste hoztea. Suziriaren erdiko etapan ere izan dituzte gorabeherak, antzigarra sortu baita. Irailaren 2ra bitartean arazo horiek konponduko dituzte, eta berriro probatuko dute.

Suziria ez ezik, Ilargirantz daraman espazio-ontzia ere berria da. Orion izena du, eta Ilargia orbitatuko du, espazio-ontzi batek inoiz hartu duen abiadura handienean. Zenbait orbita osatu ondoren, Lurrera itzuliko da. Hain zuzen, Lurrera itzultzea da operazio zailenetako bat. 

Bide batez, tresna zientifikoak probatuko dituzte; besteak beste, kamerak eta datuak transmititzeko tresnak. Zenbait esperimentu ere egingo dituzte; adibidez, erradiazioak bizidunetan duen eragina ikertuko dute. Horretarako, Orion ontziak emakume-enbor itxurako bi maniki daramatza, bat erradiaziotik babesteko jantziarekin, eta, bestea, babesik gabe. Izan ere, erradiazioak kalte handiagoa eragiten die emakumeei gizonei baino, eta misioa segurua dela bermatu nahi du NASAk.

Horrez gain, satelite txiki batzuk ere jarriko ditu Ilargiaren inguruan. Haietako biren zeregina izotzaren eta ur-molekulen mapa zehatza egitea da. Hain zuzen, Ilargiaren poloetako kraterretan izotza dago, eta Artemis III, astronautak ilargiratzea asmotzat duen misioa, Hego Poloan lurreratuko dela aurreikusi dute. NASAk dagoeneko argitaratu du lur hartzeko eremu egokien mapa, eta, izotzarekiko gertutasunaz gain, kontuan hartu ditu segurtasuna, argia, eta Lurrarekiko konexioa, besteak beste. 

Epe luzera, Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko eta orbitan espazio-estazio bat jartzeko asmoa ere badute, eta hango baliabideak ustiatzeko aukera eta Marterako bidaietarako geltokia izango dela ere aipatu dute.