Arrasateko
1990/09/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Atzera begira
Jose Maria Arizmendiarrieta erbestetik 1941. urtean itzuli zen Arrasatera. Bertako gazteriari irtenbide bat eman nahian, Eskola Politeknikoa sortu zuen 1943.eko urriaren 10ean. Hasieran 20 mutil besterik ez ziren eta “Padres de Acción Católica” erakundearen babesean zeuden. Erakunde hau Elizaren babesean zegoenez, lotura batzuk sortzen ziren. Beraz, erakunde independente bat sortu beharra zegoen. Horregatik, 1948. urtean “Liga de educación y cultura” sortu zen.
Erakunde hau gero 1980. urtean “Jose Maria Arizmendiarrieta” ESKOLA POLITEKNIKOA bihurtu zen. Eskolaren lehen egoitza Biteri eskoletan kokatu zen eta 1964. urtean gaur egun dagoen lekuan, hots, Iturripen. Eskolan sartzeko eskaerak Euskadi osotik egiten direnez, baldintza batzuk jarri behar izan dira. Horregatik, gazteenek beren herrietako ikastetxetan ikasi behar dute. Irakaskuntza ertainetako ikasketak Arrasatekoentzat eta bailarakoentzat irekita daude eta injinerutza-mailakoak Euskadi osoko ikasleentzat.
Gaur egun
Denbora igaro ahala Eskolako iharduera aldatuz joan da. Une honetan hauexek dira dauden iharduera desberdinak:
Legez arauturiko ikasketak
- Batxilergo Orokorra
14-16 urte bitarteko neska-mutilak onartzen dira, hauek Arrasate edo Aramaiokoak izan behar dutelarik. Ikasketa hauek ez dute luzapen handirik izango eskolan, zeren eta maila handiagoko beste ikasketak bultzatu nahi bait dira. - Formazio Teknikoa
16-19 urte bitarteko neska-mutilentzat planteatzen dira ikasketa hauek. Teknikaren alor desberdinetan, hots, Zenbakizko Kontrol, Informatika, Robotika, Automatika eta Elektronikan oinarrizko ezagumenduak eskuratzea da helburua. - Goi-mailako Batxilergo Tekniko Industriala
16-18 urte bitarteko neska-mutilentzat dira ikasketa hauek. Zientzi arloko ikasketak egiteko prestatzen dira ikasleak. - Injinerutza Teknikoa
Gaur egun hauek dira lantzen diren alor nagusiak:
- Diseinu eta fabrikazioa
- Produkzioa
- Informatika teknikoa
- Industri elektronikoa eta prozesu-kontrola
- Mikroelektronika
Heziketa osagarriak
Formazioa ez da inoiz bukatzen. Ikasleek ikasketak amaitzen dituztenean, teknologien berrikuntzaren abiada dela ea, birziklapenak behar izaten dituzte. Ildo honetan ondoko erakundeak sortu izan dira:
- Iraunkor
Eskolak ETEOrekin (Oñatiko enpresa-ikasketen eskolarekin) batera antolatu du zentru hau. Enpresek dituzten birziklapen-beharrei erantzuteko, ikastaro-mota guztiak integralki, zuzenean edo azpikontratazioz eskaintzen dira.
Urtero, dauden ikastaroei buruzko katalogo zabala argitaratzen da. Lan-arloak honako hauek dira:
- Teknologia berriak: Mekanika, Informatika eta Elektronika
- Produkzio-injinerutza
- Industri diseinua
- Administrazioa eta finantzak
- Enpresen gestioa
- Marketing-a
Iraunkor en aurtengo iharduera goiko koadroan azaltzen da.
- Saiolan
Zentru honen helburua hauxe da:
“Produktu baten inguruan alderdi tekniko eta enpresarialak aztertzea, azkenean enpresa-iharduera bihur dadin”
Batzuetan, enpresa-iharduera berriaren garapenak enpresa berriaren sorrera bultzatzen du, baina beste batzuetan, jadanik existitzen diren enpresetan iharduera berrian hasten dira.
Bide hau ikasketak bukatu dituztenentzat planteatzen da eta hiru fase ditu. Lehenengoa enpresa-formazioari buruzkoa da eta 4 hilabetez irauten du. Bigarrenean, sustapen-proiektua lantzen da eta 8 hilabetez irauten du. Azkenik hirugarrenean enpresaren erakuntza lantzen da eta gutxienez 4 hilabetez irauten du.
Une honetan 20 bekadun daude eta laneko arlo nagusienak hauexek dira:
- Zenbait produkzio-prozesuren malgutzea
- Fabrikazio-teknologia berriak
- Elikagaien zientzia eta teknologia
- Bioteknologia
- Material berriak
- Zerbitzuak
- Goier
Gestio-zentru honen helburua hauxe da: “Injinerutza Teknikoa ikasi dutenen artean maila onena eman dutenak erbesteko unibertsitateetan epe batez aritzea, ikasitakoa gero beren enpresetan aplika dezaten”
Frantzia, Italia, Suitza, Alemania, Kanada, Danimarka eta Erresuma Batuko unibertsitateekin mantentzen dira erlazioak.
Halaber, EEEk antolatutako programa desberdinetan parte hartzen da, hala nola, ERASMUS eta COMETT programetan.
Azken ikasturtean guztira 39 ikaslek parte hartu zuten programa desberdinetan. Aldi berean zenbait ikasle atzerritarrek Arrasaterantz jo du, truke gisa, programa europarren barruan.
Gestioa
Arestian esan bezala, ESKOLA Kooperatiba da. Organo erabakitzaile gorena Biltzarre Nagusia da eta ondoko hiru estamentuek parte hartzen dute:
- Lan-bazkidek, Kooperatiban lan egin edo irakasten dutelarik.
- Bazkide laguntzaileek (batez ere enpresak dira).
- Ikasleek, 16 urtetik gorakoak direnean eta 16 urte baino gutxiago dituztenean beren gurasoek.
Hiru estamentu hauek partaidetza berdina dute Biltzarre Orokorrean, hau da, bakoitzak 87 kide. Biltzarre Orokorretik Kontseilu Zuzentzailea aukeratzen da. Guztira 12 kidek osatzen dute Kontseilua eta 12 kide hauek, aipaturiko hiru estamentuetatik launa aukeratuz osatzen da.
Atal ekonomikoari begiratuz, sostengu-aurrekontua 845 milioikoa da eta inbertsio zein amortizaziorako aurrekontua 151 milioikoa da. Legez arauturiko irakaskuntzen sostengu-aurrekontuak 1989-1990 ikasturterako ondoko proportzioan estaltzen dira:
- Diru-laguntza publikoa %44
- Ikaslegoa %32
- Baliabide propioak %24
“Baliabide propioak” izeneko atalean Enpresa Laguntzaileetatik etortzen diren diru-laguntzak kontutan hartzen dira. Enpresa hauek diru-laguntzari esker Eskolako instalazioak ekipamenduz hornitu dira.
Administrazio Publikotik etorritako diru-laguntzak, desberdinak dira irakaskuntzaren maila bakoitzerako. Lehenengo mailetan %80 eta %90 bitarteko diru-laguntzak lortzen badira ere, injinerutza teknikoan diru-laguntza %15ekoa da.
GOIER, IRAUNKOR eta SAIOLANen kasuetan, dirua Eusko Jaurlaritzako Lan Sailetik, Gipuzkoa eta Bizkaiako Foru-Aldundietatik eta Enpresa laguntzaileetaik etortzen da. Eskolako partaideekin izandako elkarrizketan lanpostuaren arazoa ere planteatu zen. Une honetan, injinerutza teknikoa ikasten duen edonork lana aurkitzen du. Maestria eta lanbide-heziketakoei, gehixeago kostatzen bazaie ere, lana aurkitzen dute.
Eskolako instalazioak bisitatuz amaitu genuen Arrasaten igarotako eguna. Lantegiak, laborategiak etab. ikusita ez zirudien ikastetxean ginenik; lantegi desberdinetan baizik. Lantegi mekanikoan zeuden tornuen artean, Eskolan diseinatutako puntzonatzeko makina ikusi genuen. Makina hau oso-osorik Eskolako ikasleek egindakoa da. Adibide honen bidez, ikasleek egindako proiektu guztiak gauzatu egiten direla frogatu ziguten. Azken puntako teknologiek ere beren lekua dute Eskolan. Beira-zuntzezko produktuak jorratzeko gela osatzen ari dira, baina zenbait produktu, moldeak esate baterako, burutzen dira jadanik.
Elektronika-gela, CAD-gela, informatika-gela, etab.etan, ekipamendu modernoa ikusi genuen eta bertan lanean ari zirenak lantalde txikitan eta proiektu konkretuak lantzen ari ziren.
Ikasketen erreforma datorkigun une honetan, Arrasateko Eskolak aspaldi ekin zion erreformari irakaskuntza eta laneko mundua elkartuz.
Artikulu honen hasieran esan bezala, ez al zaizu iruditzen, irakurle, Eskolak bere inguruan eragin handia duela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia