}

Armiarma lurrinzaleak

2001/01/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Costa Ricako armiarma nomadek (Cupiennius salei espeziekoek) feromonak erabiltzen dituzte arrak erakartzeko. Armiarma emeek feromonez bustitako zetazko arrastoak uzten dituzte igarotzen diren leku guztietan. Arrek usaina nabaritzen dutenean landareen hosto edo zurtoinak jotzen dituzte, eta bibrazioa emearenganaino ailegatzen bada, honek seinalea itzuli egiten du. Bibrazio horien bidez, hain zuzen, armiarma arrek eta emeek topo egiten dute.

Ikerketa Alemaniako kimikariek egin dute Vienako Unibertsitateko zoologoen laguntzaz. Zehazki, armiarma tropikaletan aditu den Harald Tichy ibili da haiei laguntzen. Braunscherweig-ko Unibertsitateko Stefan Schultz-ek emeen zetazko harietan soilik zegoen substantzia kimikoa identifikatu zuen, dimetil zitratoa, naturan ordura arte inoiz aurkitu ez zen substantzia.

1993an Linyphia triangularis espezieko armiarma emeek beste feromona bat jariatzen zutela ikusi zuen Schultz-ek. Oraingoz, bi armiarma-espezie horietan bakarrik behatu da feromona-jarioa erakarpen-mekanismo gisa. Beraz, ezin da ondorioztatu armiarma guztietan ematen denik.

Hala ere gai honek ikerketa gehiago merezi duela uste dute, lan horiek armiarmen portaera kontrola daitekeela erakutsi baitute. Izan ere, arrak usainak erakartzen dituela frogatu da eta ez emearen presentziak. Ikerlarien ustez, ezaugarri hori armiarma-izurriteak kontrolatzeko aprobetxa daiteke, edota armiarmez baliatuta bestelako intsektuak akabatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia