}

Armiarma-haria

1989/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Altzairua baino bost bider sendoagoa, eta gainera arina izanik, armiarmaren zetak material berrien artean toki garrantzitsua har dezake.

Substantzia honen ezaugarrien oinarria bere molekulen antolamenduan dago. Haria proteina handi bakar baten molekulen kateamenduz osatua dago. Hariaren zenbait eskualdetan, eremu kristalinoetan, molekulak ordenatuak daude eta beste batzuetan aldiz (eremu amorfoetan alegia) desordenaturik daude. Zati kristalinoek sendotasuna ematen diote eta amorfoek elastikotasuna.

Nick Ashley biologo ingelesak alde batetik molekularen egitura kimikoa determinatzea lortu du. Bestetik zetaren produkzioa armiarmaren zein genek gobernatzen duen ezagutzea lortu du eta azkenik, gene hori bakterio batean txertatzea ere bai. Bakterio honek zetazko bolatxoak ekoizten ditu. Bolatxoak disoluzio batean murgildu behar dira hari-itxura har dezaten.

Bere ezaugarriak direla eta, honela lortutako zeta konpositez eginiko egiturak sendotzeko erabil liteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia