Elhuyar zientziaren komunikazioa

Argiaren propietate berri bat aurkitu dute: bihurdura

2019/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

argiaren-propietate-berri-bat-ezagutu-eta-sortu-du
Argiaren bihurduraren irudikapena. Arg. Kevin Dorney, Kapteyn-Murnane taldea, JILA / Colorado Boulder Unibertsitatea

Argiaren propietate batzuk aspalditik ezagutzen eta kontrolatzen dituzte zientzialariek, eta aplikazio ugaritan dira erabilgarriak: intentsitatea, uhin-maiztasuna… Orain, beste propietate bat ere kontrola dezaketela frogatu dute: bihurdura. Salamancako (Espainia) eta Colorado Boulder (AEB) unibertsitateetako ikertzaileek egin dute lan hori, eta Science aldizkarian eman dute emaitzen berri.

Laura Rego Cabezas Salamancako Unibertsitateko fisikaria da ikerketa-burua, eta, nabarmendu duenez, azpimarragarriena da argi-sorten propietate berri bat sortu dutela: argiaren bihurdura. “Orain arte, jakina zen argi-sortak bihurduraz sor daitezkeela, hau da, hedatze-ardatzaren inguruan zurrunbilo-itxurako egitura baten bidez. Argi-zurrunbilo deitzen zaie horiei, eta haize-zurrunbiloen antzekoak dira. Hain zuzen, haiek bezala, materialetan errotazio-indarrak ezartzeko gai dira. Lan honetan frogatu dugun argi-sorten mota berriak bere bihurdura denboran azeleratzeko propietatea du, bere errotazioa azeleratuko lukeen zurrunbilo baten gisan”, azaldu du Regok.

Salamancako Unibertsitatean argiaren bihurduraren kontzeptua sortu eta argi-sorta berri horiek sortzeko eta neurtzeko modua diseinatu dute. Colorado Boulderren, berriz, argi-sorta berriak neurtzeko eta kontrolatzeko esperimentua gauzatu dute, lehen aldiz.

Regoren esanean, eskala nanometrikoan dinamika ultralasterrak aztertzeko edo kontrolatzeko tresna bat izan daitezke, baina horren aplikazio teknologikoa “oraindik ikusteko” dagoela ohartarazi du.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia