}

Archaeopteryx ez zen izan hegaztien aitzindaria, haien ahaide hurbil bat baizik

2011/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

archaeopteryx-ez-zen-izan-hegaztien-aitzindaria-ha
Xiaotingia zhengi espeziearen irudi artistikoa. © Xing Lida eta Liu Yi.

Denbora luzean hegaztien aitzindaritzat jo den taldea, Archaeopteryx , posizio horretatik kentzea proposatu du Beijingo Ornodunen Paleontologia eta Paleoantropologia Institutuko ikertzaile-talde batek Nature aldizkarian. Archaeopteryx fosilen ezaugarriak berraztertzean, eta azkenaldian aurkitutako beste fosil batzuekin alderatzean ikusi dute animalia horien kokapena aldatzeko beharra.

Aurkitutako lehenengo fosila izan zen Archaeopteryx , lumak eta aurreko gorputz-adarrak sendoak zituena. Fosilak dinosauro-itxura ere bazuenez, dinosauroen eta hegaztien eboluzioan erdibideko taldetzat hartu zuten ikertzaileek. Alabaina, azkeneko urteetan ezaugarri horiek dituzten fosil gehiago aurkitu dira, eta hortik sortu da zalantza zein izango ziren hegaztien benetako arbasoak eta zein haien ondoko lerro bateko kideak.

Azken berrazterketa hori egitera bultzatu duen fosila Txinako ipar-ekialdeko Liaoning probintzian aurkitutako bat izan da: 161-145 milioi urteko arroketan aurkitu dute (Goi Jurasikokoa da, beraz), eta Xiaotingia zhengi espeziekoa da. Espezie horrek ere lumak zituen, baina dinosauroen Deinonychosauria taldeko kidea, eta ez hegaztien taldekoa (Avialae), izan zela ondorioztatu dute. Eta ikusi dute ezaugarri komun asko dituela Archaeopteryx ekin. Horrenbestez, Archaeopteryx ere talde horretan sailkatzea proposatu dute. Besteak beste, bi taldeetako banakoek mutur laua eta begi-zuloen atzealdea zabalduta zituzten. Hegaztien arbasoen garezurrak, berriz, oso bestelakoak ziren.

003

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia