}

Aragoiko glaziarrak, zuritik beltzera

2008/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oraingo joera aldatu ezean, lehenago edo geroago, Aragoiko glaziarrak desagertu egingo dira. Horretan ez dago zalantzarik. Eta argi dago tenperaturak eta prezipitazioek glaziarren bilakaeran eragiten dutela. Hori baino eztabaidagarriagoa da, ordea, zenbateraino azkartu den galera klima-aldaketaren ondorioz. Eztabaidak luze jo dezake, baina, bitartean, Aragoiko glaziarrak galtzeko bidean dira.
Aragoiko glaziarrak, zuritik beltzera
2008/03/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Maladetako glaziar-multzoa Pirinioetako handiena da. Ezkerrean, Anetokoa ikusten da, eta, eskuinean, Coronasekoa, izoztegi bilakatua.
J. Chueca
Javier Chueca Cía Zaragozako Unibertsitateko Geografia Fisikoko irakaslea da, eta glaziologian aditua. Urteak daramatza mendiko glaziarrak ikertzen, eta bertatik bertara ikusi du nola ari diren galtzen alde espainiarreko Pirinioetako glaziarrak.

Glaziarrak lehorreko izotz-masa higikorrak eta iraunkorrak dira. Elurra presioz trinkotzean sortzen da glaziarretako izotza, eta, horretarako kondizio jakinak behar direnez, oso formazio bereziak dira. Neguan egiten duen elurrari esker berritzen dira, baina udan izotza galtzen dute, urtu egiten baita. Jasotako elurraren eta urtutako izotzaren arteko aldeak erabakitzen du glaziarren bilakaera.

Gaur egun, Pirinioetako gune gutxi batzuetan bakarrik daude glaziarrak. Denak garaiera handian daude, 3.000 metrotik goragoko tontorren pean, ia beti itzaletan dauden zirku txikien barruan; azken finean, eguzki-erradiazioaren eragina txikia den lekuetan, eta prezipitazioak elurretan izaten direnetan.

Ez da beti horrela izan. Azken glaziazioa bukatu zenetik, Pirinioetako glaziarrek Izotz Aro Txikian (1550-1830) izan zuten gehienezko hedadura. XIX mendearen lehen herenean, baina, klima epeltzen hasi zen berriro, eta, ordutik, glaziarrak txikitzen joan dira, gaur egun duten egoerara iritsi diren arte. Lehen glaziar ziren gune asko izoztegi soil izatera igaro dira, edo desagertu egin dira. Horrenbestez, Espainian, lau gunetan baino ez daude orain benetako glaziarrak: Infiernos, Monte Perdido, Posets eta Maladeta mendiguneetan. Laurak Huescan daude, Pirinioen erdialdean.

Maladetako ekialdeko glaziarraren azpiko urtze-lakua.
J. Chueca

Bilakaera, klimari lotuta

Glaziarrak desagertzen hasi zirenetik, galera ez da abiadura konstantean gertatu. Hain zuzen, galera-abiadura erabat lotuta ageri da klimak inguru hartan izan dituen gorabeherei: prezipitazioak txikiak eta tenperaturak altuak izan diren sasoietan, glaziarrek azkar egin dute atzera, eta, tenperatura baxuko eta prezipitazio handiko garaietan, aldiz, glaziarrek masarik galdu gabe iraun dute.

Maladetan, esaterako, glaziarraren bilakaera aztertu dute Chuecak eta haren lan-taldeak Izotz Aro Txikiaren amaieratik, eta bilakaera hori klimaren faktoreekin erlazionatu dute. Azterketa horretan azaltzen denez, 1820ko hamarkadatik, glaziarrak atzera egin du, bai hedaduran bai lodieran. Hasieran, batez ere 1857 eta 1901 urteen artean, galera oso azkarra izan zen. Garai hartan, prezipitazioak txikiak izan ziren, bai neguan bai urte osoan, eta tenperaturak, berriz, ohi baino altuagoak izan ziren. Glaziarrak masa asko galtzea ekarri zuen horrek.

Hurrengo hamarkadetan, glaziarrak txikitzen jarraitu zuen, baina abiadura motelagoan. 1958-1981 urteen artean, berriz, glaziarra egonkortu egin zen, nabarmen. 1960ko hamarkada bereziki lehorra izan zen, baina 1970ekoa, batez ere bigarren erdialdean, oso bestelakoa izan zen. Udako tenperaturak epe horretako tenperaturen batezbestekoa baino gradu erdi baxuagoak izan ziren, eta neguko prezipitazioak batezbestekoa baino % 13 handiagoak.

GLIMS (Lurreko izotzaren satelite bidezko jarraipena) proiektuaren Espainiako koordinatzailea da Chueca. ASTER sateliteak jasotzen dituen irudiak erabiltzen dituzte horretarako. Goiko irudian Pirinio osoa azaltzen da, eta 2000ko abuztuaren 1ekoa da. Elurra urdina da; berdea, landaretza; arrosa eta urdin iluna, arroka; eta zuria, hodeiak.
(Argazkia: NASA/GSFC/METI/ERSDAC/JAROS US/JAPAN ASTER)
1981tik aurrera, ordea, joera irauli egin da, eta Izotz Aro Txikiaren amaieran bezain azkar ari da desagertzen glaziarra. Horren adierazle da 1990eko hamarkadan Maladetako glaziarra bitan banatu izana: ekialdekoa eta mendebaldekoa. Galera erabat lotuta dago azken urteotako tenperaturekin eta prezipitazioekin, ikertzaileek aztertu duten epealdi osoko garai beroena eta lehorrena izaten ari baita. Hala, 1820-30eko hamarkadan hartzen zuen azaleraren % 35,7arekin hasi du glaziarrak XXI. mendea (1820-30ean 152,3 hektarea zituen, eta 1997-99an 54,5, herena baino gehixeago).

Nolanahi ere, Maladeta mendigunean, Maladetako ekialdeko eta mendebaldeko glaziarrez gain, badaude glaziar gehiago. Hain justu, Maladetako glaziar-multzoa da alde espainiarreko handiena eta ondoen gordetakoa. Benasqueko haranean dago, eta tontor nagusiek 3.000 metro baino gehiago dituzte: Aneto, 3.404 metrorekin, Pirinioetako garaiena da; Pico Malditok 3.350 metro ditu; Maladetak, 3.308; Albak, 3.118...

Mendigunea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera luzatzen da; orientazio hori dela eta, gaur egun geratzen diren glaziar gehienak ipar-ekialdera begira daude. Coronas-ekoa bakarrik dago hego-mendebaldera, baina dagoeneko izoztegi bihurtu da, eta zaila du irautea. Mendiguneko beste glaziarrek ere (Maladetako ekialdekoa eta mendebaldekoa, Anetokoa, Barrancs-ekoa eta Tempestades-ekoa) azalera eta lodiera asko galdu dute azken bi hamarkadetan. Chuecaren azken neurketen arabera, 1981ean Maladetako glaziar-multzoak zuen azaleraren ia erdia galdu du 2006a bitartean (240,62 hektarea izatetik 125,74 izatera pasatu da).

Maladetako glaziarren atzetik, Monte Perdidokoak dira handienak, baina han ere azkar egin dute atzera. 2006an, 50,17 hektarea hartzen zuen Monte Perdidoko glaziar-multzoak, 1981ean zuen azaleraren % 44,3. Are gehiago galdu dute alde espainiarrean geratzen diren beste glaziarrek: Posets mendiguneko glaziarrek 18,51 hektarea hartzen dute, 1981ean zuten azaleraren herena baino gutxixeago, eta Infiernos-ekoek, 6,96 hektarea besterik ez dute, 1981ean zutenaren laurdena gutxi gorabehera.

Monte Perdidoko goiko eta beheko glaziarrak. Behekoa da egoera onenean dagoena eta dinamikoena.
J. Chueca

Mugarik gabeko fenomenoa

Noski, klimak eta mendiek ez dute gizakiak jarritako muga administratibo-politikoen berririk, eta Aragoiko glaziarren antzeko bilakaera izaten ari dira Frantziako Pirinioetako glaziarrak. Adibidez, 2006ko udan, Burdeos III eta Paris IV unibertsitateetako ikertzaileek azterketa sakon bat egin zuten Ossoue glaziarrean. Glaziar hori Pirinioen alde frantziarreko tontor garaienaren pean dago (Vignemale, 3.298 metro), eta, gaur egun, 50 bat hektarea hartzen ditu, Izotz Aro Txikiaren amaieran zuen azaleraren erdia, gutxi gorabehera.

Ikertzaileek glaziarraren lodiera aztertu zuten radar bidez, puntuz puntu, eta aurreko erregistroekin alderatu zituzten datuak. Besteak beste, ikusi zuten azken urteetan (2001etik) lehen baino askoz azkarrago, eta gero eta azkarrago, ari dela urtzen. Horrez gain, elur gutxiko urteak izaten ari dira oro har, eta elur asko egin duenean ere (2002-2003ko eta 2003-2004ko neguak), ez da nahikoa izan udan urtutakoa berdintzeko. Kalkulatu dutenez, urtean batez beste 1,5 metro galtzen ditu lodieran.

Ezkerreko argazkia 1920ko hamarkadakoa da, eta, eskuinekoa, 2001ekoa. Biak alderatuta, argi ikusten da galera handia izan duela.
R. Rilter; JMO
Beste glaziarretan ere antzeko joera ikusi dute ikertzaileek: aurreko udatan Taillon-eko glaziarrak metro gutxi batzuk galtzen zituen, baina, 2005ekoan, 20 metro egin zuen atzera. Dena den, beste glaziarrak, Ossoue baino txikiagoak izan arren, ez dira hura bezain azkar txikitzen ari. Ikertzaileek azaldu dutenez, elur-metaketak, orientazioak, gainean arrokak izateak... klima-faktoreekiko erantzuna handiagoa edo txikiagoa izatea eragiten dute, eta Ossoue glaziarrak ez ditu irauteko kondizio onenak.

Gizakiaren erruz?

Aditu askoren ustez, gizakia da glaziarren galera gero eta azkarragoa izatearen erantzulea. Izan ere, giza jardueretan atmosferara isuritako gasek berotegi-efektua sortzen dute, eta, horren ondorioz, klima aldatzen ari da, berez aldatuko litzatekeenaz gain. Horrek Pirinioetan tenperaturak ohi baino altuagoak eta prezipitazioak txikiagoak izatea ekarri duela uste dute. Horren eraginez, glaziarrak gero eta azkarrago ari dira galtzen, baina zaila da jakitea zenbaterainokoa den giza jardueraren eragina.

WGMS elkarteak jarraipena egiten die munduko glaziarrei. Grafikoan, Amerikako eta Eurasiako glaziarren lodiera-balantzea, 1980tik 2006ra.
WGMS

Edonola ere, batzuek ez dute inolako zalantzarik. Greenpeace-Españak glaziarrei buruzko txosten bat argitaratu zuen 2004an. "Espainiako Pirinioetako glaziarren desagertzea. Klima-aldaketa begien bistan" du izenburua, eta, egileen artean, Enrique Serrano eta Eduardo Martínez de Pisón Geografia Fisikoko katedradunak daude. Ikertzaileek dituzten datuekin, eta IPCC klima-aldaketaz arduratzen den nazioarteko elkartearen etorkizuneko klimaren proiekzioetan oinarrituta, XXI mendearen erdialderako, gaur egungo glaziarrak erabat edo ia guztiz desagertuko direla aurreikusten dute.

Iragarpen ezkor horiek munduko beste hainbat lekutan ere egin dituzte, glaziarrak mundu osoan egiten ari baitira atzera. Esaterako, Europako Ingurumen Agentziaren arabera, 2050erako Suitzako Alpeetako glaziarren hiru laurdenak desagertuta egongo dira. Eta zientzialari askok zuzenean erlazionatzen dute galera giza jarduera eragiten ari den klima-aldaketarekin. Gaur egungo joera aldatzen ez bada, beraz, mendi-tontorrak zuritik beltzera igaroko dira.

Javier Chueca: "Glaziologoa naizenez, pribilegio bat iruditzen zait prozesu horren lekuko izatea eta denbora errealean aztertzeko aukera izatea"
Javier Chueca Cía Zaragozako Unibertsitateko Geografia Fisikoko irakaslea da. Glaziarretan aditua da, eta 1997tik Aragoiko Gobernuak finantzatutako Aragoiko Pirinioetako glaziarren dinamikaren azterketa ikerketa-proiektuaren buru da.
Askok erlazionatzen dute glaziarren galera klima-aldaketarekin. Zu ere iritzi berekoa ote zaren jakin nahi genuke.
Bai, baina ñabardurekin. Klima-aldaketa Pirinioetako glaziarren galera azkartzen ari da, baina galera hori aspaldi hasi zen, Izotz Aro txikiaren amaieran, klima-aldaketa deitzen duguna hasi baino lehenago. Nolabait esateko, glaziarrak egoera klimatiko 'naturalean' galduko luketena baino gehiago ari dira galtzen klima-aldaketagatik.
Izotz-masaz gain, zer gehiago galtzen da glaziarrekin batera? Zer ekarriko du galera horrek?
Anetoko glaziarra.
(Argazkia: I. Illarramendi)
Pirinioetan berezia den zerbait galduko da, paisaia-aldetik balio izugarria duen elementu bat. Horrek ekarriko du goi-mendiko ezaugarri garbiak dituen paisaia batetik (eskala askoz ere apalagoan, baina Alpeek, Mendi Harritsuek eta Himalaiak dituztenen parekoa), urtaroko elurra bakarrik duten mendiak izatera igarotzea (planetako mendi-kate apal gehienek dutenen antzera). Paisaiaren aldetik, mendien lehen mailatik bigarren mailara pasatuko gara.
Pertsona askorentzat glaziarren galera zoritxarreko fenomenoa da. Zuri, pertsonalki, zer sentimendu eragiten dizu galera horren lekuko zuzena izateak?
Glaziologoa naizenez, pribilegio bat iruditzen zait prozesu horren lekuko izatea eta denbora errealean aztertzeko aukera izatea.
Eta, denbora-tarte zabalagoak kontuan izanda, glaziarren galera beste era batera hartzen da?
Bai. Planetaren historia aintzat hartuta, badakigu glaziazio/glaziazioarteko zikloak izan direla azken bi milioi urteetan, Kuaternario osoan. Beraz, pentsatzekoa da aurrerantzean ere glaziarrek agertzen eta desagertzen jarraituko dutela. Bada tamalgarria giza jarduerak oraingo galera azkartzea, baina jakina da Lurrak lehen ere izan dituela berotzeak, gaur egungoak baino handiagoak (jatorri naturaleko berotegi-efektuaren ondorioz), eta atmosfera-hidrosfera-geosfera sisteman oreka berriak sortu direnean amaitu direla.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
240
2008
3
028
Fisika; Materialak
Artikulua
22

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia