}

Apo arrunta, maitale sutsua

1995/08/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Apo arrunta

Udaberriko lehen egun goxoetan, txorien txorrotxio alaiek negua joana dela gogorarazten dutenean, apo arruntak hezeguneetara abiatzen dira ugaltzera. Bertara ailegatzeko askok distantzia luzeak egin behar izaten dituzte eta tarteka, errepideren bat gurutzatu behar badute edo, ale asko hiltzen dira kotxeek zanpatuta. Hala ere horrek ez ditu inondik ere etsiarazten eta urtero garai beretsuan, itsu-itsuan egiten dute erruteko lekurantz bidea.

Errekatan eta inguruetan apo ugari ikusten da: asko bakarka, beste batzuk bikoteka, eta zenbaitzuetan zer pasatzen den jakitea zaila den apo mordo bat baino gehiago. Bakarrik daudenak arrak dira, eta bikoteetan berriz, azpikoa emea eta gainekoa arra, okerrik egon ez bada behintzat. Okerrik egon ez bada diogu, zenbait aldiz ugalketarekin bero-bero eginda dauden arrak, gehiegi erreparatu gabe, beste ar baten bizkarrera igotzen baitira hau emetzat hartuz. Azpiko arrak ordea, “kork, kork, kork” haserre batzuen bidez parekatze hori ezinezkoa dela ohartaraziko dio.

Apo arrunta bare, zizare, intsektu eta armiarma ehiztari bikaina dugu.

Aurreko hankekin emearen lepora atxekitzea lortu duten arrek, atzeko hankekin bultzaka eta ostikoka bidali behar dituzte beraien bikotearekin akoplatzera inguratzen diren beste arrak. Baina batzuetan, ar pila etorri eta erabat inguratzen dute eme gizagajoa horrek jartzen dituen arrautzak ernaldu nahiean.

Eromen-egun hauetatik egun batzuetara, apo gehienak desagertzen hasiko dira. Gutxi batzuk, leher eginda errekan ikus daitezke ia indarrik gabe, ugalketan utzi baitute zuten guztia. Uretan, ordea, hurrengo apo belaunaldia ziurtatuko duten milaka eta milaka arrautz geratu dira landare eta sustraietan trabatuta.

Ugalketa ikusgarri horren protagonista den apo arrunta, anuru sendo eta astuna dugu. Europako apo handiena da eta emeek 15 cm-rainoko luzera izan dezaketen arren, arrek nekez izango dute 9-9,5 cm baino luzera handiagoa. Buru zabal eta sendoan, guruin parotoideo handi eta dibergenteak nabarmenak dira. Kupre koloreko begietan nini horizontal beltza dute. Atzeko hanketako behatzetako tuberkuluak parekatuak izaten ditu normalki eta horrek beste espezie batzuetatik bereizten ditu.

Kolorazio uniforme samarra eta kolore arreak dira nagusi. Orbainen bat ere eduki dezake gorputzean zehar, eta oro har, azpialdea argiagoa du. Larruazala, bikor edo garatxoz josita du, eta bizkarrean, anfibio gehienek bezala, pozoia jariatzen duten bi guruin ditu. Pozoi horrek ordea, ez du inolako arriskurik gizakiontzat.

Apo arruntak, bere itxurarekin bat datorren lokomozioa du. Jauzirik onenarekin ere ez da ia lurretik altxatzen eta arriskuen aurrean, geldirik egonik ikusia ez izatea da babesbiderik hoberena. Normalki gauez ibiltzen da, bakarti samarra da eta gordeleku finkoak izan ditzake.

Sarritan, apo arruntaren ar sutsuek bata bestearen gainean bukatzen dute eme bakar bati akoplatu nahiean.

Mapako distribuzioa ikusita, habitatarekiko oso zorrotza ez dela erraz igerri daiteke, hain ezberdinak izanda ere, gure eskualdeko habitat gehienak betetzen baititu. Populazio sendoenak alde hezeko baso, landa, sastrakadi zein zelaietan garatzen dira. Eskualde mediterraniarrean ez da toki guztietan azalduko, leku heze eta freskoenetan baizik. Hegoalderantz, apo lasterkaria ( Bufo calamita ) tipikoago egiten den heinean gutxiagotzen doa. Hemen, ibai, zingira, edota kanale inguruetan agertuko da batik bat. Habitatarekiko duen moldagarritasunaren ondorioz, Europako herrialde gehienetan oso espezie arrunta da eta Afrika eta Asiako hainbat eskualdetan ere aurki daiteke.

Euskal Herriko klima epela dela eta, apo arruntek ia 12 hilabeteko iharduera izan dezakete. Pirinio ingurukoek negua lurpean pasa behar badute ere, lekurik baxuenetan urte osoan topa daitezke animalia hauek.

Espezieak gaur egun duen egoera ona dela esan genezake. Bizkaiko Itsasoko isurialdean, ibaien poluzioa izan liteke arazorik larriena, baina apo arruntak ugaltzeko erabili ohi dituen erreka txikietan ez da arazo handirik egoten. Isurialde mediterraniarrean hezeguneen desagerpena eta pestiziden erabilera dira arazo nagusiak. Lurralde osoko errepideetan, berriz, ugaltzera doazen apoen sarraskiak gertatzen dira eta zenbait “puntu beltz” aztertu beharko lirateke anfibio hauentzat pasabideak egiteko.

Araldia edo ugaltzeko tenorea ibai-arroaren arabera hilabete ezberdinetan eman daiteke, baina maximoak martxoa-apirila aldera ematen dira. Eme bakoitzak bi ilara luzeetan 1.000-5.000 arrautza jartzen dituen bitartean, gainean duen arrak ernaldu egingo ditu. Uretara erori eta arrautzak landaretzan trabatu eta urez puztuko dira. Handik bi asteetara, zapaburu beltzak jaioko dira. Larba horiek, 25-28 mm-ko luzera dute eta hildako animaliaz eta urpeko landareetaz elikatzen dira. Nahiz eta lan erraza izan ez, apo arruntaren zapaburuak beste batzuetatik bereiz daitezke: ahoak begien arteko distantziaren adineko zabalera du eta isatsaren muturra biribila da. Bestalde, ezkerraldean duten espirakuluak atzerantz jotzen du zuzenean. Uda bukaerarako, metamorfosia burututa, 10-18 mm luzeko apotxoak bihurtuko dira. 10 urtetik gorako biziraupena du.

Bikoteetan, emea (azpian dagoena) handiagoa dela ikusten da.

Apoak mota askotako ornogabeak harrapatzeko moduko mingain luze eta liskatsua du. Era berean, ehiztari mesedegarri honek etsai ugari ditu eta zenbait portaera xelebre asmatu ditu harraparien sabelean ez bukatzeko. Besteak beste, beraien gorputza airez puztu egin dezakete eta bilduta dituen atzeko hankak luzatu ondoren tente jar daiteke den baino handiagoa azaltzeko. Antzezlan horiek hala ere, ez dira nahikoak askotan eta apo arrunta, eta bere arrautzak zein larbak, beste ornodun askoren ohiko jaki dira.

Bukatzeko, animalia honen inguruko sineskeriaren bat aipatu eta bide batez gezurtatu nahi nuke. Gure herrian txikitan, apo honek listuarekin pozoia bota zezakeela eta begiak erre zitzakeela sinesten genuen. Zoritxarrez, oraindik ere bada horrelaxe pentsatzen duen jenderik. Bere itxurak eta duen famak ez diote apo gizagajoari inongo mesederik egiten. Batzuetan, itxura maitagarria ez duten animaliak babesterik ez dagoela dirudi...

Espeziea: Bufo bufo
Familia: bufonidoak
Ordena: anuruak
Klasea: anfibioak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia