}

Antartikoko elikagai-katea ahultzen ari da

2001/02/28 Elhuyar Zientzia

Cambrige-ko ikerlariek diotenez, klima-aldaketak pinguinoen, itsas zakurren eta albatrosen populazioaren beherakada eragin du Antartikaren mendebaldean.

Antartikan ikerketak egiten dituen Britaniako erakunde bateko kideak espezie horien populazio eta elikadura aztertzen jardun dira azken urteetan. Beraien arabera, laurogeigarren hamarkadaren hasieran egoera egonkorra bazen ere, hamarkadaren amaierarako pinguinoen, itsas zakurren eta albatrosen populazioa jaisten ari zela ikusi zuten. Gainera, animalia asko gosetuta zeuden eta jaiotza-tasa ere gero eta txikiagoa zen.

Espezie horien elikagai nagusia krill izeneko krustazeo ñimiñoa da. Ikertzaileek badakite jandako krill-kopuruak pinguino eta itsas zakurren ugaltze-arrakastan eragin zuzena duela eta, beraz, populazioak jaisten hasi zirela ikustean, elikadura arazoak egon zitezkeela susmatu zuten.

Krilla zuzenean ikertzea, ordea, oso zaila da, Hego Ozeanoaren korronteen menpe mugitzen delako. Pinguinoak eta itsas zakurrak, aldiz, sarritan inguratzen dira itsas ertzera, beraz, beren hesteak aztertuz ozeanoan eskura duten krill-kantitatea balioztatu daiteke. Ikerketen arabera, 90eko hamarkadaren hasieran krillak behera egin zuen nabarmen. Izan ere, krilla izotz-azpiko algetaz elikatzen da, horregatik inguruan izotz-geruza desagertzean, krilla ere urritu egiten da.

Itsasoko izotz-geruza mehetzea eta Antartikako harraparien populazioa jaistea zuzenean erlazionatzea zaila bada ere, ikerlari horiek egindako azterketek lotura badagoela adierazten dute. Beraz, naturaren ahulezia agerian gelditzen da beste behin ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia