}

Anorexia nerbiosoa eta bulimia

1998/01/01 Txakartegi, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaixotasun konplexuak dira, oro har nerabeari dagozkionak; % 5eko eragina, edo handiagoa, dute eta azken urteetan nabarmen igo da portzentaia hau. Gehiago gertatzen da andrezkoetan, gizonezkoetan baino 10 bat aldiz gehiago eta haien hirugarren gaixotasun kronikoa bihurtu da gaur egun. Berba gutxitan, anorexia nerbiosoaren berezitasun garrantzitsuena autoeragindako pisu-galera nabaria da, hilabete gutxitan % 15 edo gehiagoko galera.

Bulimia nerbiosoa, aldiz, gehiegizko irenste izkutua, arina eta handia, bete-bete eta errudun sentiarazi artekoa; betekadaren atzetik portaera konpentsatzailea erakusten du gaixoak, eta libragarrien bidez (gomitoak, purgatiboak, diuretikoak, etab.) edo ariketa fisiko intentsiboa eginez. Oro har, mota nagusi bi hauek eta beste batzuk antzekoak izan arren eta Elikadura Portaeraren Eragozpenen barnean egon arren, gaixo anoresiko asko bulimiko bihurtzeko beldur da, eta bulimiko askok anorexiko bihurtu nahiko luke.

Gaixotasun hauen ondorioak asko eta garrantzitsuak dira: fisikoen artean metabolikoak, bihotz-basoetakoak eta gihar-hezurretakoak, besteak beste, eta depresioa,suizidioaren intentzioa (% 70 anorexiko eta % 90 bulimikoetan) eta sintomatologia obsesiboa (% 50etan) psikologia-mailan. Esan dugun moduan gaixotasun konplexuak dira eta faktore askok hartzen dute parte, baina laburbilduz, eta nutrizioari dagokionez honako hau interesatzen zaigu: neska anorexikoen % 45ek pisu-sobera arina dute pubertaroaren hasieran, eta gainera ez dituzte gustuko bere gorpuzkera, batez ere ipurmasailak eta iztarrak; gainera, % 10ak obetsitatea izan du aurretik, portzentaia hau % 40ra eta % 30era igotzen delarik mutiletan eta bulimikoetan.

Elikadura Portaeraren Eragozpenen (E.P.E.-en) kausen artean aldez aurretiko faktoreak (berezko predisposizio biologikoa, bere eta familiaren pertsonalitatea, etab.), faktore amiltzaileak (bizitzako gertaerak, pisua galtzeko arriskuzko jarrera,...) eta faktore mantentzaileak (menpekotasun handiko ohiturak, harrotasuna baraualdiaren aurrean, etab.) bereiz ditzakegu. Hiru multzo hauetan koka dezakegun kausa garrantzitsua, garrantzitsuena behar bada, E.P.E.-en hazkunde dramatikoa adieraziko ligukeena, MODA da.

Modak argaltzeko gogoa, zergatia eta obsesioa sortarazten eta bideratzen ditu, argaltzeko industria atzetik dagoelarik. Edozein gizarte-aldizkariri gainbegirada ematea nahikoa da modaren eta industria honen asmoa eta indarraz ohartzeko. Behin gaixotasuna sortuta, neska-mutilak berak izaten dira argaltze-moda honen bektoreak edo transmisoreak, batzuetan oso proselitistak, bere koadrilan, institutuko ikasgelan, etab. Oro har, propagandista hauek ez dute gaixotasuna bere osotasunean pairatzen, eragozpen ezosoa daukate, ez dira guztiz gaixotzen baina beste ahulagoak nahasten dituzte.

Arlo honetan, anorexiko murriztaileak ez ei dira oso kutsagarriak ez baitute popularitate eta eragin nahikorik; arriskutsuagoak dira bulimiko bilakatzen direnak eta, esan dugun moduan, eragozpen ezosoa pairatzen duten neskak. Arestikoaz ohartuz gero kontura gaitezke zer-nolako garrantzia duen obesitatearen kontrol goiztiarrak, behin hamar urte betez gero (adin honetan hazten da obesitate eta gehiegizko pisuaren prebalentzia), oso zaila izateaz aparte, oso kontu handiarekin jokatu behar dugu gehiegizko pisua dutenekin, ez diezaiegun eman beste bultzadatxo bat E.P.E. batean erortzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia