}

Animalien homosexualitatea erakusgai

2007/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Batzuontzat harrigarria bada ere, homosexualitatea azaltzeak eskandalua sortzen du oraindik. Are harrigarriagoa da museo bateko erakusketa batez ari bagara, jokabide homosexualak animalien artekoak badira, eta museoa Oslon badago. Baina horiek guztiak horrela izanda ere, Osloko Historia Naturalaren Museoak animalien homosexualitateari buruz ireki duen erakusketak zalaparta eragin du.
Animalia txikienetatik hasi eta handienetara, neurri denetakoak izaten ditzute jokabide homosexualak.

Erakusketaren izenburua esanguratsua da oso: “Naturaren aurka? Animalien homosexualitateari buruzko erakusketa” . Dirudienez, museoko arduradunek kontuan izan dute zenbaitentzat jokabide homosexualak ez direla “naturalak”. Horregatik egiten dute galdera hori. Erantzuna, baina, garbi gelditzen da erakusten dituzten adibideak ikusi ondoren; izan ere, sexu bereko animalien arteko harreman sexualak ez dira batere arraroak espezie askotan.

Erakusketan bertan argitzen dutenez, zientzialariek 1.500 espezietan baino gehiagotan ikusi dituzte homosexualtzat jo daitezkeen jokabideak, hasi zomorroetatik eta zeroi edo kaxaloteetaraino. Museoan horietako batzuk erakusten dituzte.

Jokabide homosexualak ez dira arraroak

Bonoboen artean, oso ohikoak dira sexu berekoen arteko sexu-jolasak.
(Argazkia: Chicagoko Unibertsitatea)

Animalia guztiek dute sexurako grina; hain juxtu, horri esker irauten dute espezieek. Sexu berekoen arteko harreman sexualek, ordea, ez dute bermatzen espezieak irautea. Hala ere, espezie askok harreman homosexualak dituzte ugaltzeko sasoitik kanpo. Horrelakoetan, ez dute ugaltzeko asmorik, badirudi plazera besterik ez dutela bilatzen.

Halako jokabideak animalia-mota askotan ikusi dituzte zientzialariek. Ornodunetan zabalduta daude, eta intsektuetan, armiarmetan, krustazeoetan, olagarroetan eta beste hainbatetan ere izaten dira jokabide homosexualak. Beste espezie batzuetan, aldiz, inoiz ez dute jokabide homosexualik antzeman.

Museokoek homosexual deitu diete jokabide homosexualak dituzten animaliei. Nolanahi ere, homosexualak baino gehiago, espezie asko bisexualak direla esan daiteke. Hala, museokoen esanean, errege pinguinoak bisexualak dira, parke zoologikoetako bost bikotetik bat sexu bereko pinguinoek osatzen dutelako.

Homosexualitatea ez da antzua

Noizean behin, bi flamenko arrek osatzen dute familia, eta biak arduratzen dira txitak hazteaz.

Horiek horrela, bati baino gehiagori sortuko zaio zalantza hau: harreman homosexualek ez badute ugaltzeko balio, nolatan ez da desagertu homosexualitatea?

Dirudienez, hainbat kasutan jokabide homosexualak onuragarriak dira espeziearentzat. Bonoboak, tximino jostalari batzuk, ezagunak dira maiz izaten dizutelako harreman sexualak, era askotakoak, gainera. Besteak beste, ohikoak dira sexu berekoen arteko sexu-jolasak. Zientzialarien ustez, harreman horiek oinarrizkoak dira taldearen egiturari eusteko, eta ezinbestekoak dira jokabide erasokorrak baretzeko. Beraz, espezie horretan homosexualitateak mesede egiten dio taldeari.

Ez da, ordea, homosexualitatearen onura bakarra. Behin edo behin, bi flamenko arrek familia bat hazten dute. Bietako batek eme batekin izandako harreman batean lortzen dituzte arrautzak. Gero, bien artean zaintzen dituzte, eta biak arduratzen dira jaiotzen diren txitez. Bada, familia horiek badute aita-amaz osatutako familiekiko abantaila bat: besteek baino eremu handiagoa hartzen dute mendean; ondorioz, txita gehiago hazteko aukera dute.

Eta beste hainbat “funtzio” ere betetzen dituzte sexu berekoen arteko harreman sexualek: hierarkiak markatzea, gazteak sexu-jolasean trebatzea... Eta plazera lortzea, noski. Honetarako edo hartarako izan, gauza bat garbi dago: animalien homosexualitatea ez da, inondik inora, naturaren aurkakoa. Zalantza duenak Osloko Historia Naturalaren Museoan du argitzeko aukera, erakusketa 2007ko abuztuaren 19ra arte baitago ikusgai.

Deia-n argitaratua.