Amak salbatuta, baleak bizirik iraun dezake

2001/11/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Fujiwara eta Caswell ozeanografoek Nature aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera, Eubalaena generoko balea desagertu ez dadin, ezinbestekoa da ugaltze-adinean dauden bale-emeak salbatzea.

Bi zientzialari horiek Eubalaena generoko 10.000 bale baino gehiago aztertu dituzte 1980tik, eta arrisku handiena bale-emeek jasaten dutela ikusi dute. Hain zuzen ere, baleen populazioa orokorrean jaisten ari da; gainera, hilkortasuna handitu egiten da emeak ama bihurtzen direnean.

1980. urtetik baleen populazioa gutxitzen ari da eta planeta osoan 300 besterik ez direla gelditzen uste da. Populazioa jaistearen arrazoi nagusiak itsasontziekin talka egitea, sareetan kateatzea eta klima-aldaketa dira. Kumea duten emeek, gainera, kostatik eta itsas azaletik hurbilago egiten dute igeri eta gainontzeko helduak baino motelago mugitzen dira, beraz, arrisku handiagoa jasaten dute. Hori dela eta, 1980an eme batek 50 urteko bizi-itxaropena zuen eta denbora horretan 6 kume baino gehiago izan zitzakeen. Orain, ordea, 15 urteko bizi-itxaropena besterik ez duenez, bi kume baino gehiago ez ditu izaten.

Hala ere, egindako ikerketan bada itxaropenerako tokia. Diotenez, urtean bi eme salbatzea lortuz gero, populazioa hazi egingo litzateke. Ondorioz, bale-emeek kumeak hazten dituzten eremuak babesteko eskatzen dute. AEBetako Itsas Arrantza Zerbitzu Nazionala hego-ekialdeko kostatik hurbil dauden eremuetan arrantza galarazteko lege berriak sortzekotan da, baina nazioarteko trafikoak eta itsasoko legeek asko zailtzen dute asmo hori betetzea.