Agian kontua ez da zakila
2016/03/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Zientziaren historiak argi erakusten du ikuspuntu androzentrikotik landu izan dela; eta gaur egun ere, ikuspuntu hori nagusi da. Azken urteotan, joera hori aldatzeko ahalegina egiten ari dira arlo guztietako ikertzaileak. Horren adibide da Holly Dunsworth antropologoak zakilaren neurriaren auzian esandakoa.
Dunsworth eboluzioan aditua da, eta, haren iritziz, nabarmena da zakilaren eta barrabilen neurriarekiko obsesioa, baita akademian ere. Hala, eboluzioan zakil handiak gailentzeko joera azaltzen duten hipotesi dezente daudela gogorarazi du. Emakumeak kopulatzeko zakil handiak dituzten gizonak aukeratzen dituela da bat; ume osasuntsuak emango dizkiolakoan, edo plazer handiagoa eragin. Beste hipotesi baten arabera, berriz, gizonen arteko lehia da gakoa: zakil handia izatea abantaila da aurreko lehiakide batek emakumearen baginan utzi duen hazia ateratzeko.
Dusworthentzat, ordea, zientifikoki ez du zentzurik zakilean jartzea arreta guztia, bagina aintzat hartu gabe. Eta, agian, kasu honetan kontua ez da zakila, bagina baizik. Izan ere, antropologoak dioenez, erditzeak eragin zuzena izan du baginaren eboluzioan: gure espezieak garun handia eta, beraz, garezur handia duenez, bagina handia izatea mesedegarria da, erditzea errazten duelako. Eta bagina handitzeak ekarriko luke, ondorioz, zakil handia lehenestea.
Horrenbestez, garrantzia zeri ematen zion edo arreta non jartzen den da kontua. Baina, Dusworthek berak ironiaz onartzen duenez, denentzat da erakargarriagoa sexuaz hitz egitea erditzeaz baino, baita zientzialarientzat ere.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia