}

Afrikan poliobirusa desagertu dela jakinarazi du OMEk

2020/08/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

afrikan-poliobirusa-desagertu-dela-jakinarazi-du-o
Txertoari esker, Afrikan poliobirusa desagertu dela jakinarazi du OMEk Arg. Karin Schermbrucke/UNICEF

Afrika poliobirusik gabeko lurraldea dela adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak, Nigerian azken agerrialdiak izan zirenetik lau urte igaro ondoren. Hala, Afrika osoan poliomielitisaren birusa desagertu dela baieztatu du OMEk, eta, beraz, munduan bi herrialdetan baino ez dago gaitz hori sortzen duen birusa: Afganistanen eta Pakistanen. Horietan ere desagerraraziz gero, txertoei esker desagerrarazitako bigarren gaixotasuna bilakatuko litzateke; lehena baztanga da.

Poliobirusak bost urtetik beherako haurrei eragiten die batez ere. Infekzioa pertsonatik ertsonara transmititzen da, bereziki gorozkien bidez, eta oso lotuta dago higiene eta saneamendu-azpiegitura kaxkarrei. Birusak bizkarrezur-muinari eragiten dio, eta, kasurik larrienetan, paralisi partzial atzeraezina sortzen du hanketan. Heriotza ere eragin dezake.

1988an 350.000 kasu zeuden munduan; 2013an, berriz, 416. Beherakada hori txertaketa-kanpainei esker lortu da. Hain zuzen, Jonas Salkek garatu zuen polioaren aurkako lehen txertoa, 1950eko hamarkadan, eta, handik urte gutxira, Albert Sabinek ahoz hartzeko txerto bat garatu zuen. Birus moteldu batekin dago egina, behin baino gehiagotan eman behar da eraginkorra izan dadin, baina immunitate iraunkorra eragiten du. Txerto hori bera da mundu osoan erabili dena, eta Euskal Herrian ere txertaketa-egutegian ezarrita dago.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia