700.000 urteko zaldi baten genoma sekuentziatu dute

2013/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 700.000 urte inguruko zaldiaren hezurrak, genoma erauzi eta sekuentziatu aurretik. Arg. Ludovic Orlando / GeoGenetics zentroa

Artikoko permafrostean izoztuta gordetako zaldi baten hezurreko DNA orain arte sekuentziatutako genomarik zaharrena bihurtu da. Izan ere, 780.000-560.000 urte dituela kalkulatu dute, eta orain arte ohore hori zuenak, Denisovako gizakiarenak, 80.000 urte inguru ditu.

Copenhageko Unibertsitateko GeoGenetics zentroan egin dute ikerketa, beste batzuekin elkarlanean, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Ikertzaileek azaldu dutenez, hezurra puskatuta egon arren, genoma nahiko egoera onean zegoen; horri esker, genoma osoa irakurtzea lortu dute.

Horrez gain, zaldien eboluzioa ikertu nahi izan dute, eta, horretarako, sekuentziatutako genoma beste ekido batzuenekin alderatu dute: duela 43.000 urteko zaldi batenarekin, Przewalski zaldi bat (gaur egun irauten duen zaldi basati bakarra), etxekotutako bost arrazatako zaldiak, eta asto bat.

Hortik ondorioztatu dute gaur egungo ekido-espezieen eta desagertuta daudenen azken arbaso komuna duela 4 milioi urte bizi zela; hau da, orain arte uste zutena baino 2 milioi urte lehenago. Bestalde, Przewalski zaldiaren genoman aldakortasun genetiko nahiko handia topatu dute; ikertzaileen ustez, hori gako izan daiteke espeziaren biziraupenerako.

Adituek azpimarratu dutenez, ikerketaren garrantzia ez da ekidoetara mugatzen. Hain zuzen, sekuentziazioa egiteko, orain arteko teknologia hobetu dute. Aurrerantzean, hobekuntza horiek beste espezie batzuetako fosiletan erabiltzea espero dute, eta ez dute baztertzen Homo heidelbergensis eta Homo erectus espezieen genomak sekuentziatzeko gai izatea. Haien fosilak permafrostean gordeta aurkitzea izango da zailena, baina, eginez gero, ez dago zalantzarik aurrerapauso handia izango litzatekeela gure espeziearen eboluzioa ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia