2014ko Ig Nobel sariak: egiazko zientzia-ikerketak umorez saritu zituzten atzo

2014/09/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atzo banatu ziren 2014ko Ig Nobel sariak. Platano-azalaren eta zapata baten arteko marruskadura neurtu duten ikertzaileek, artelan itsusiak edo politak ikusi, mina ere aldatzen dela neurtu dutenek, edo umeen gorotzak fuetak egiteko probiotiko gisa erabil daitezkeela proposatu dutenek jaso dituzte sariak. Aurten ere, umorea izan da nagusi sari-banaketaren ekitaldian, bai antolatzaileen aldetik, eta baita sarituen aldetik ere.
Annals of Improbable Research aldizkariaren zuzendari eta ekitaldiaren gidari Marc Abrahams, Ig Nobel saria eskuetan. Aldizkariak sortutako sariak dira. Arg. Ig Nobel

Lehenengo barrea eragin, eta ondoren pentsarazten duten ikerketak saritzen dituzte Ig Nobel sariek. Hamar kategoriak osatzen dute, eta, 2014koak atzo banatu zituzten, ohi bezala, Nobel saridunen berri jakin baino egun batzuk lehenago. Hain zuzen ere, eta ohiturari jarraiki, Nobel saridunen eskuetatik jasotzen dituzte Ig Nobelak, saridunek.

Saria jasotzen lehena Kyoshi Mabuchi fisikari japoniarra izan zen. Fisikako Ig Nobela jaso du, ikertzeagatik, pertsona batek lurrean dagoen platano-azala zapaltzean, zenbatekoa den platano-azalaren eta zapataren, eta platano-azalaren eta lurraren arteko marruskadura. Kantuan eskertu zuen saria, eta egindako lanaren garrantzia nabarmendu zuen, platano-azal bat Godzilla akabatzeko arma eraginkorra izan daitekeela erakusten duen marrazki baten bidez.

Mabuchik bezala, gainerako saridunek ere umore onez jaso eta eskertu zituzten Ig Nobelak. Neurozientzien arloko saridunen ordezkari Kang Leek, adibidez, mezu lasaigarri bat eman zien ikusleei. Ogi txigortuan Jesusen aurpegia ikusten duten pertsonen garunean zer gertatzen den ikertzeagatik jaso du saria Txinako eta Kanadako ikerketa-taldeak. Lee-ren esanean, “Zuen garuna erabat normala da eguneroko objektuetan existitzen ez diren aurpegiak ikusten badituzue; izatez, ez badituzue ikusten, irudimen biziaren oinarrizko osagai bat falta duzue beharbada. Baina, ez kezkatu, albiste on bat dut eta zuentzat: ebay-n 49,99 dolarretan eros ditzakezue Jesusen aurpegia egiteko gai diren txigorgailuak”.

Hirugiharra odoljarioak gelditzeko, eta gorotza fueta prestatzeko

Medikuntzako saridun Sonal Saraiyak sukaldaritza-programak eta amona eskertu zituen, “edonon hirugiharra jarri eta gauzak hobetzen direla irakasteagatik”. Saraiya eta haren lankideek oso metodo heterodoxo bat aztertu dute sudurreko odoljario kontrolaezinak tratatzeko: hirugihar onduen xerrekin buxatzea. 

Medikuntzako saridunena bezain heterodoxoa, edo are heterodoxoagoa da Gironako IRTA ikerketako-zentroko ikertzaileen proposamena: nutrizioaren kategoriako Ig Nobela jaso dute fueta egiteko balizko osagai probiotiko gisa umeen gorotzerako bakterioak proposatzeagatik. Sari-banaketa ekitaldira bidalitako bideoan, fueta janez ageri dira ikertzaileak; gorozduna ote zen ez dute zehaztu.

Elur-oreinen portaera ikertzeko, Osloko Unibertsitateko biologoek erabilitako hartz zuri mozorroa. Arg. Osloko Unibertsitatea

Kategoria bereziagoak ere saritzen dituzte Ig Nobelek urtero. Artearen Ig Nobela, esaterako,  Bariko Unibertsitateko ikertzaile batzuentzat izan da, neurtzeagatik, jendeak, koadro itsusi edo eder bati begira ari ziren bitartean, zenbateko mina sentitzen zuen, laser izpi indartsu batekin eskuan joz gero; ez baita min bera sentitzen, ikerketan frogatu dutenez. Artikoko Zientziatako Ig Nobela, berriz, Osloko Unibertsitatera joan da. Han, Biologia Departamentuko ikertzaileek aztertu dute zer portaera duten elur-oreinek gizakien aurrean, eta hartz zuriz mozorrotutako gizakien aurrean. Pasako ote zitzaien inoiz burutik parte-hartzaileei, noizbait halako mozorro bat eramango zutela zientziaren alde?

Eskertza mezuak bakarrik ez, saritutako lanen zuzeneko erakustaldiak, jateari utzi eta oinarrizko nutrienteak pilula bidez hartzen hastea erabaki duen bikote bati buruzko opera laburra... denetarik izan zen atzoko ekitaldian. Hala, Ig Nobel sariek beste behin erakutsi dute uztargarriak direla egiazko ikerketa zientifikoak, zientzialariei buruzko estereotipoak eta umorea.