}

1989.eko Nobel Sariak

1989/11/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Medikuntza: minbiziaren harian

Harold Varmus eta Michael Bishop ikerlariek, minbiziari buruzko ikerketan garrantzi izugarria izan duen aurkikuntza egin zuten duela 13 urte. Horren ondorioz, aurtengo medikuntzako Nobel Saria jaso dute. Aurkikuntzaren berri Nature aldizkarian eman zuten beste bi lankidek ere, Dominique Stehelin-ek eta Peter Vogt-ek, sinatzen zuten artikulu baten bidez.

Varmus eta Bodmer-ek birusen eta minbiziaren arteko erlazioari buruzko ikerketari ekin ziotenean, zenbait birusek kultibo bateko zelula normalak itxuraz eta jokamoldez aldaraz zitzaketela gauza jakina zen. Zelulok tumore-zelulak bailiran jokatzen dute. Rous sarkomak, oiloengan minbizia sortzen duen birusak, gaitasun hori du. Dena den, birus honen zenbait mutantek gaitasun hori galdu egin dute eta beraz jatorrizko birusaren eta birus mutantearen marterial genetikoa konparatuz ikerlariek onkogenea -minbizia eragiten duen genea alegia- identifikatu zuten. src esan zioten.

Michael Biskop eta Harold Varmus.

Bishop, Varmus eta bere lankideek src birusaren azido nukleikozko zunda bat prestatu zuten eta zunda oilo normalen ADNz konbinatzen dela frogatu zuten. Gainera identifikatutako genea funtzionala zen eta ornodun askoren zeluletan egoten denetakoa.

Gene horiek birusaren material genetikoan, genoman alegia, sar daitezke zenbait birusek bere burua errepikatzeko duen moduagatik. Birus horiei erretrobirus deritze. Beren material genetikoa ARN moduan dago. Errepikatzeko beren ARNaren ADN kopia egin behar dute eta gero hau zelula ostalariaren ADNan txertatzen dute. Zelula honek birus-belaunaldi berria sortuko du.

Egin diren ikerketek erakutsi dutenez, onkogene moduko materiala animali espezie askoren zeluletan dago. Onkogene birikoak, modifikatutako zelula-geneak dira. Zientzilariek proto-onkogene deritze.

Erretrobirusek eramandako 40 onkogenetik gora ezagutzen dituzte zientzilariek orain eta bakoitzak proto-onkogene zelular bat irudikatzen du. Aurkikuntzaren garrantzia honetan datza: erretrobirusek proto-onkogeneak identifikatzeko zientzilariei bide berria irekitzean.

Bishop eta Varmus iparramerikarrak dira. Kaliforniako unibertsitatean ari dira lanean eta 53-50 urte dituzte hurrenez hurren. Varmusen biografian aipagarri da zientzian aritu aurretik literatura ingelesean lortu zuen lizentziatura. Ondorioz, bere ikerketa-artikuluek oso ondo eta argi idatzita egotearen abantaila dute.

Bestetik, sari hau ez da eztabaida eta hika-mikatik libratu. Izan ere, aipatu Nature aldizkariko lehenengo sinatzaileak, D. Stehelin-ek, Nobel Saria berari ere bazegokiola uste du. Stehelin-ek Bishop eta Varmusekin egin zuen lan laborategian eta Stehelinek “Nik lana Atik Zraino egin nuen” dio. Komunitate zientifiko anglofonoaren eritziz Stehelinek lanean izan zuen partaidetza guztiz mekanikoa izan zen eta ideiak besteek jarri zituzten. Zientzi komunitate frankofonoak ez du ordea horrela pentsatzen eta Stehelinek ere saria merezi duela uste du.

Fisika: neurketen zehaztasuna

Wolfgang Paul, Hans Dehmelt eta Norman Ramsey.

Aurtengo fisikazko Nobel Saria bi zatitan banatu dute hiru zientzilarirentzat. Erdia Norman F. Ramsey fisikari iparramerikarrak irabazi du. Beste erdia Hans G. Dehmelt iparramerikarrak eta Wolfgang Paul alemaniarrak erdibana egin dute. Kuantu-teoriaren hastapenetan ditu sariak erroak.

Ramsey, Paul eta Dehmelti saria emateak, fisika funtsean natura neurtzeko artea dela adierazi du. Izan ere hirurok garatutako neurketa-teknikak izan dira sarituak.

Einsteinek seinalatutako fenomeno batean (estimulatutako emisioan) du sariak oinarria. Estimulatutako emisioaren arabera, egoera elektroniko kitzikatuan dagoen atomo bat energia gutxiagoko egoerara jauzi eraz daiteke energi diferentziari dagokion frekuentziako erradiazio elektromagnetikoz eraginik.

Ramseyren ekarpenik nagusiena, frekuentzia finkoko erradiazio elektromagnetikozko eremu batean zehar eta eremu magnetiko batean zehar atomo kitzikatuak pasaraziz trantsizio atomikoak eragiteko I. I. Rabi-ren metodoa hobetzea izan da. Ramseyk bigarren erradiazio-eremua batatestearekiko zut jarri zuen eta interferentzi sare bat osatu zuen. Horrela atomo kitzikatuak trantsizioan toki jakin batean bakarrik izatea lortu zuen. Trantsizioak gerta daitezkeeneko bolumena mugatuz, igorritako protoien koherentzia handitu egiten da.

Geroago, Ramseyk, D. Kleppner-en laguntzaz hidrogeno-maserra garatu zuen. Maserra, hidrogeno-atomoaren egituraren azterketa sakonak posible egiteaz at, erreferentzi iturri oparoa da; irratiastronomiako interferometri tekniketan esaterako.

Dehmelt eta Paulen lanak beste abiapuntu bat zuen: eremu elektromagnetikoen bidez ezaugarriak aztertzeko ioi edo elektroi bakunak harrapatzea. Horretarako tresneria egokia diseinatu dute; Dehmeltek elektroiak harrapatzekoa eta Paul-ek ioiak harrapatzekoa.

Kimika: ARN katalizatzaile

Thomas Cech eta Sidney Altman.

Aurtengo kimikazko Nobel Saria Yale unibertsitateko Sidney Altman-ek eta Koloradoko unibertsitateko Thomas Cech-ek irabazi dute. Independenteki lan eginez azido erribonukleikoak (ARNk) aktibitate katalizatzailea duela ondorioztatu zuten. Aurkikuntza honek garrantzi handia izan dezake biziaren jatorria ulertzeko unean. Ondorio praktikoak ere izan ditzake, noski.

Katalisi biologikoa entzimek bakarrik egin dezaketela uste zen; ARN molekula pasibo informatzaile soiltzat jotzen zen.

Biziaren jatorria ulertzeko arazo gordinetako bat zerau da: sistema modernoetan ADN moduko molekula informatzaileen eta proteinen moduko molekula funtzionalen arteko menpekotasuna. 1960.eko hamarkadan biologia molekularraren aitzindariek, ezaugarri informatzaile eta funtzionaleko ARN katalitikoak arazoa ebatz zezakeela espekulatu zuten. Zein lehenago “arrautza ala oiloa” sorgin-gurpila hausteko hipotesi posibleetako bat zen. Dena den, Altmanek eta Cechek ARNk katalizatzaile moduan jokatzen duela frogatu zuten arte, espekulazio hutsa izan zen guztia.

Erabilpen praktikoaren ikuspegitik, ARN katalitikoak zelula eta organismotan zenbait gene espezifiko blokeatzeko modua eskaintzen du eta birusengandiko eritasunak aurrikusteko bide berria zabal dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia