}

101 mila tona tabako baino gehiago

1991/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

OMEk egiten duen sailkapenean, tabako-kontsumitzaile handiak batezbeste egunean 8 zigarro baino gehiago erretzen dituztenak dira .

Hori da urtero Frantzian erretzen dutena; 101.756 tona tabako, zehatzago esanda. Bertan bizi den 15 urtetik gorako populazioa (erretzaileak eta erretzen ez dutenak, biak barne) kontutan hartuta, egunero pertsona bakoitzak 6 zigarro edo 6,5 gramo tabako erretzen dituela esan nahi du horrek. Kontsumo hori gainera, azken hamalau urte honetan berdin mantendu da.

Aldatu dena, tabakoaren kalitatea izan da. Orain erretako zigarroen % 60 rubioa da eta duela hamabi urte % 15 besterik ez zen. Mundrun- edo alkitran-tasa ere jaitsi egin da: 1960. urtean 30,5 miligramokoa zen eta gaur egun 17 miligramokoa.

Tabakoa erretzeko egindako gastua ere ez da nolanahikoa: 800.000 milioi pezeta (42.500 miloi libera) ingurukoa; esnetan ala barazkitan gastatzen duten adinakoa edo beren gastu guztien % 1,2. Datu hauek batezbestekoak dira; erretzaile ez direnak ere barne hartutakoak alegia. Beraz, erretzaile denarentzat emandako datuak askoz ere handiagoak dira.

OMEk (Osasunerako Mundu-Erakundeak) egiten duen sailkapenean, tabako-kontsumitzaile handiak batezbeste egunean 8 zigarro baino gehiago erretzen dituztenak dira (Grezia, Estatu Batuak, Polonia, Suitza, Jugoslavia eta Turkia adibidez). Frantzia erretzaile ertaina da eta gutxi erretzen dutenak edo egunean 5 zigarro baino gutxiagokoak Norvegia, Portugal, Suedia, Finlandia, Danimarka, etab. dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia