}

10.000 urteko basoa

2000/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Michigan Tecnological Institute-ko ikertzaile-talde batek 10.000 urtez kontserbatutako basoa aurkitu dute Michigan aintziratik gertu.

Basoa osatzen duten zuhaitzak bat-batean hil ziren eta hildako egoeran kontserbatu dira milaka urtez, usteldu gabe eta fosil bihurtu gabe.

Aurkitutako enborrek azala eta adarrak dauzkate, eta lurzoruan arantzak, pinaburuak eta goroldioa aurkitu dituzte. Enborrek 5 eta 50 cm bitarteko diametroa zuten eta luzeenek 9 m zituzten.Basoa ikertzeak bi ondorio nagusi eman ditu: baso borealen itxura ezer gutxi aldatu dela 10.000 urtetan batetik, eta bat-bateko klima-aldaketak egon daitezkeela bestetik.

Zuhaitzok poliki-poliki eta abiadura konstantez hazi ziren, orduko tenperatura egonkor zenaren seinale, baina ustekabean hil egin ziren.

Ikertzaileen hipotesia honakoa da: duela 10.000 urte Ipar Amerikako zati handiena izotzez estalita zegoen eta bat-bateko berotzeak izotz ugari urtzea eragin zuen eta uholdeak sortu ziren.Geroago, bero are bortitzagoak urez eta areaz estali zuen basoa, zuhaitzak hil egin zirelarik. Lekuak izan duen egoera bereziagatik hildako zuhaitzok guganaino iritsi dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia