Teknopolisen historia

Gaur oso egun berezia da Teknopolisentzat… gaur 10 urte betetzen ditugu. Hainbat irudi zahar bildu ditugu, eta baita lanean ibili diren hainbat lagunen hitzak ere.

Kaixo, zer moduz? Ongi etorri Teknopolisera. Ikusten duzue, hau ez da gure platoa; gaur agertokia aldatu dugu eta kalera etorri gara, hirira, zuengandik gertu, gure ikusleengandik gertu.

Eta zergatik ? Gaur oso egun berezia delako Teknopolisentza: gaur 10 urte betetzen ditugu. 1999ko otsailean programa abiatu genuenetik, 223 saio egin ditugu, ia 1000 erreportaje eta 13.400 telebista-ordu zientzia eta teknologiari eskainiak.

Eta hain egun berezia ospatzeko, nola ez, eduki bereziak prestatu ditugu. Hasteko, bati baino gehiagori irribarre eragingo dion erreportajetxo bat prestatu dugu. Bertan, hasierako programa haietako hainbat irudi zaharrak, eta kameren atzean lanean ibili diren hainbat lagunen hitzak bildu ditugu.

1998ko otsailaren 20an agertu zen lehenengoz jendaurrean Teknopolis. Pili Kaltzada aurkezle eta zuzendariak ikusten den moduan ireki zuen Elhuyarren telebista-leihoa. Sasoi hartan Iñaki Irazabalbeitia zen Elhuyar Kultur Elkarteko zuzendaria eta lehendakaria. Bera ibili zen negoziaketetan ETBrekin.

IÑAKI IRAZABALBEITIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: ETBk baiezkoa esan zigun 99ean. Hori bai, baldintza bat jarri zigun. Haiek prest zeudela medio teknikoak jartzeko, baina babesle bat behar genuela, nolabait Elhuyarrek egin behar zuen lana egiteko. Babesle hori EITErengan topatu genuen, eta hori estimatu egin behar da, EITEk izan zuen fedea Teknopolis bezalako ideia bat, zeren Teknopolis ideia bat zen orduan, eta bultzatu eta babestu egin zuen.

JOSE MARI OTERMIN; ETB: Oraintxe hamar urte etorri zen Teknopolis proiektua ETBra. Apal etorri zen, ez zuen eskakizun berezirik eta handirik aurrekontuetan eta ordutegietan. Apal-apal etorri zen, baina hori bai, kazetaritza zientifikoarentzat tartetxo bat eskaini nahiean.

IÑAKI IRAZABALBEITIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Horrekin lortu zuen Elhuyarrek eta Elhuyarrek egiten zuen zientziaren gizarteratzeak beste leiho bat eta beste proiekzio sozial bat. Zergatik? baita ere gaztelaniaz ere egiten hasi ginelako.

Elhuyarrek, ordura arte, telebistan ezer gutxi zuen egina, eta esperientzia urria baina ilusio handia bildu ziren egitasmoan. Alfontso Mujika eta Beñar Kortabarria hasiera-hasieratik daude programan. 

BEÑAR KORTABARRIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Orduan lan-taldea, asteroko lana egiteko: idatzi, editajeak eta horrelako kontuak, gu biok ginen, eta horrek harridura eragin zuen ETBn lehen bileran galdetu zigutenean: eta zenbat jende zaudete lan hori egiteko? "Hemen, gu biok" gu trankil asko.

ALFONTSO MUJIKA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Ez zuten sinisten.

IZASKUN PARDINA; ETB: Nire aurpegia izan zen... Nik ez dut uste horrelako programa batek 15 laguneko taldea behar duenik, baina ez bikoa ere. Eta gero harridura handiagoa izan zen jakin nuenean telebistaren munduan ez zeneukatela esperientzia handirik.

Oinarri-oinarrian, 10 urtean Teknopolis egiteko modua ez da asko aldatu. Gaiak aukeratzen dira, informazioa bildu, grabazioak egin, eta gero etorri ohi da erreportajeen editatzea. Gaur egun, irudiak txarteletan grabatzen dira eta ordenagailuetan egiten da editatze-lana. Sasoi batean zintetan egiten ziren lan horiek guztiak, baina Teknopolisek badarama denbora bat mundu digitalean lanean.

Hamarkada batek askotarako ematen du. Teknopolisen datuak adierazgarriak dira: 20 erredaktore izan ditu programa hasi zenetik, 67 elkarrizketatu, 1.500 pertsona baino gehiago agertu dira erreportajeetan, eta ehunka gai izan dira, baita bitxikeriak ere.

ALFONTSO MUJIKA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Gogoan daukat egun batean, zentro teknologiko batean zen, bagenun teknikari bat eta harek oso ondo esplikatu zigun guri makinak nola funtzionatzen zuen. Eta orduan esan genionean kameraren aurrean esan behar duzu, ez zen gauza, behin eta berriro errepikatu eta ez zen gauza. Azkenean jarri behar izan genion paper bat, gu atzean eusten. Eta berak guri esan ziguna esateko, berak irakurri egin behar zuen, ez zelako kamerari begira esateko. Eta, jakina, esan zuen, baina ez zen bat ere natural geratu.

BEÑAR KORTABARRIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Tokatu izan zait Iruñea-Veleian erromatarrez jantzi eta desfilatzea, edo burmuina ikertzeko laborategi batean zundak eta jarri behar izatea, eta gainera zauriak eragin zizkidaten zundak jartzerakoan, ikaragarrizko urratuak egin zizkidaten.

Zientzia eta teknologia modu erraz eta ulergarrian gizarteratzeko helburuarekin jaio zen Teknopolis, zientziaren urrutiko irudi hotza gertuko irudi bero bihurtzeko borondatearekin. Hori dela eta, denboralditik denboraldira egokitzapenak egin dira Teknopolisen, beti ere programa bizi bat egiteko asmoarekin.

AITZIBER AGIRRE; ELHUYAR FUNDAZIOA: Aldaketak nik uste dut oso positiboak izan direla. Orain beste gauza bat da, beste dinamika bat dauka, beste erritmo bat. Niri asko gustatzen zait.

JOSE MARI OTERMIN; ETB: Hamar urte hauetako bere ibilbidea ezagutzen badugu eta aztertu, gauza batez ohartuko gara: telebistan ez dutela aurrera egiten dirutza handietako proiektuak, ordutegi onak behar dutenak, baizik eta aldian-aldian garaian garaiko egoerara egokitzen direnak.

Egokitzeko ahalegin handiena 2005ean egin zen: programaren alde grafikoari indar handiagoa ematea eta, Miramongo egoitzaren erosotasuna eta segurtasuna alde batera utzita, programa kalera ateratzea erabaki zen. Ordurako kameren aurrean denboraldi bateko esperientzia zuen Aitziber Agirrek, eta berak jarri zion aurpegia jauzi hari.

AITZIBER AGIRRE; ELHUYAR FUNDAZIOA: Ez neukan inolako esperientziarik honetan. Ni lana eginda nengoen laborategian, nire pipetekin, proteinekin, DNA eta horrelako gauzekin. Kamera atzean bai, ibilita nengoen zerbait, baina jauzi hori niretzako izan zen latza.
Fama erlatiboa, ez? Beharbada eragina zeukan herri txiki batean bizi naizelako.


Teknopolisek beti hiru hanka izan ditu: ETBrena bat, programazioan tokia emanda eta baliabide tekniko batzuk utzita. Bigarren hanka Elhuyar Fundazioarena, programa edukiz hornitzen duena, eta, hirugarrena, babesleena, programa egin ahal izateko dirua jartzen dutenena. Hirurek bat egin, eta ekuazioak 10 urte ematen ditu.

BEÑAR KORTABARRIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Zuloa egiten duzunerako botatzen zaituzte parrillatik edo programaziotik. Gu hor gaude, ez daukagu sekulako audientziarik, baina uste dut zulo handirik ere ez dugula egiten.

JOSE MARI OTERMIN; ETB: Hiru ezaugarri ikusten dizkiot: berrikuntza etengabe eskaintzea, horrez aparte behar-beharrezko aldaketa egitea, eta hirugarrenik esango nuke izan dituen eupada eta erronka horietan aldian-aldian jakin izan duela benetako  soluzioak eta irteerak aurkitzen. Horregatik egin ditu hamar urte, askoz ere gehiago egitea espero dut, eta esan dezaket neurri handi batean Teknopolis dagoeneko Euskal Telebistaren historia zati bat dela. 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali