Monografikoa: klimaren aldaketa (5)
Jaitsi
Jaitsi etxeko berogailuaren potentzia. Tenperatura gradu bakar bat jaitsiz gero, gutxiago ordaintzeaz gain, CO2 emisioak gutxitzea lortuko dugu. Batez beste, etxebizitzako 300 kilo urteko.
Etxeko isolamendu-sistema egokitu, beroak ihesik egin ez dezan. Hormetatik, leiho-bitarteetatik eta zorutik joaten den beroa galtzen den guztiaren erdia inguru da.
Hozkailua sarri-sarri desizoztu, bestela energia gehiegi xahutzen du, eta ez ezazu janari berorik sartu, berez hoztu daitezela.
Berziklatu
Beira, papera, eta plastikoa bereizi, ez dadila gainerako zaborrarekin batera joan. Aluminiozko lata bat birziklatzen denean, berria egiteko behar den energiaren % 10 besterik ez da erabiltzen. Horrek esan nahi du kilo bat aluminio ekoizteko 9 kilo CO2 sortzen direla. Beiraren kasuan, kilo bat beira birziklatuk 300 gramo CO2 aurrezten ditu, eta paperarekin, berriz, 900 gramo. Basoak, gainera, zeregin garrantzitsua izan dezake CO2aren eragina gutxitzeko orduan:
Birziklatu ezin denean, saia zaitez hondakin gutxiago sortzen, erosketetan erabiltzen dituzun poltsak berrerabiltzen, enbalaje gutxi duten produktuak erosten eta abar.
Itzali
Behar ez duzunean, argirik ez piztu, dirua eta energia aurreratuko dugu. Kontsumo txikiko argiak erabili, eta etxetresna elektrikoak itzalita utz itzazu behar ez dituzunean, eta ez stand-by egoeran. Garbigailua eta ontzi-garbigailua jarri aurretik, egiaztatu ondo beteta daudela edo, bestela, programa motzak erabili, ur eta energia gutxiago xahutuko dituzu.
Txorrotak ondo itxi, eta, bainatu beharrean, dutxa erabil ezazu. Oro har, dutxan bainuan baino lau aldiz ur gutxiago erabiltzen da.
Oinez ibili
Autoz joaten zara lantokira? Garraio publikoa erabiltzen saiatu, lankideekin joan, edo oinez edo bizikletaz joan. Autoek erabiltzen duten gasolio-litro bakoitzeko, batez beste 2 kilo eta erdi CO2 askatzen dira. Nahitaez erabili behar baduzu, ez zapaldu: arriskua gutxitzeaz gainera erregai gutxiago erabiliko duzu.
Eta oinez ibil zaitez, osasuntsuagoa da, lasaigarria eta askoz ere merkeagoa guztiontzat. (25)
Honaino klimaren aldaketari eskaini diogun denbora. Kontu asko esan ditugu, baina badakigu beste asko ez ditugula aipatu ere egin, hain zabala da gaia, zabala eta garrantzitsua. Hala ere, klima-aldaketaz gain, bada munduan beste hainbat gai. Guk, zientziaren eta teknologiaren aktualitateari dagozkionak bideo honetan pilatu ditugu, formatu laburrean.
Monografikoa: klimaren aldaketa (5)
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian