Laponia, iparraldeko muga
Laponia, egunik gabeko gauen eta gaurik gabeko egunen eremua. Zirkulu Polar Artikotik iparraldera, Norvegia, Suedia, Errusia eta Finlandiako 400.000 kilometro karratu hartzen ditu sami herriaren lurraldeak. Inguru honetan urteko 50 egunetan eguzkiak ez du zerumuga gainditzen. Hala ere, koloretsuak dira Laponian gauak, gau amaigabeetan aurora borealaren kolore berde, urdin zein moreek edertzen baitute iluntasuna.
Eremu zabal honetako kolore adierazgarriena zuria da. Urteko 250 egunetan elurrak lurra ezkutatzen du. Itsasotik 700-800 metrora, Laponiako ordokia zuhaitzen bizia galarazteko bezain hotza da. Likenek eta goroldioek estaltzen dute lurra. Klima polarra da hemen, eta negu luzeetan termometroen merkurioa zeropean mantentzen da; zero azpitik 3 eta 30 gradu bitartean. Bataz besteko tenperatura zero azpiko 19 gradukoa da. Prezipitazioak urriak dira. Urtean 400 mililitro euri jasotzen dira, baina ez da urik falta. Hainbat aintzirak zipriztintzen dute Laponia eta batzuk ikaragarri handiak dira: Inari aintzirak mila kilometro karratu ditu.
Kuaternarioko higadura glaziarra izan zen Laponiaren morfologia-eragile nagusia. Gaur egungo topografia higadura hark eragindakoa da. Ozeano Atlantikoak eta Ozeano Artikoak eta Baltiko itsasoak inguratuta, itsasorantz hurbildu ahala pinu eta izei basoek berdetzen dute paisaia. Itsasertzean fiordoak ikusgarriak dira. Altaeva ibaiak goi-ordokitik fiordora bidean egindako arroila Europako handienetako bat da.
Laponian dago Europako iparraldeko muga. Kontinenteko ipar-muturra dela uste duten milaka turista joaten da Ipar lurmuturrera. Oker daude, ordea. Ipar lurmuturra uharte batean dago, eta kontinenteko bazterrik iparrekoena zapaltzeko Nordkinnera joan behar da.
Laponia, iparraldeko muga
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian