Kolonoskopia
Osasunari eskaintzen diogun tartean, Martak Gasteiztik idatzi digun zalantza bati erantzun nahi diogu gaur.Bere idatzian kontatu digunez, orain egun gutxi medikuak esan dio litekeena dela heste lodian polipo bat edukitzea, eta, diagnostikoa ziurtatzeko, kolonoskopia bat egin behar diote. Kolonoskopia bat zertan datzan jakin nahi dut Martak. Lehenik eta behin, azaldu behar dugu polipoa tumore onbera bat dela. Baina kaltegarria ez den arren, ezin da ziurtatu etorkizunean minbizi-tumore bihurtuko ez denik; horregatik, normalki erauzi egiten dute.
Heste lodiaren estaldura aztertzeko, behatz baten lodiera duen hodi malgu bat sartzen dute uzkitik: endoskopioa. Zuntz optiko malguz egina dago hodi hori, eta mutur batean bideo- eta argazki-kamera bana ditu; haiei esker, medikuak heste lodiaren egoera ikus dezake. Endoskopio-hoditik, gainera, medikuak tresna txikiak pasatu ditzake, susmagarri izan daitekeen ehunen baten laginak hartzeko, adibidez; biopsia bat egiteko, alegia. Medikuak heste lodian polipo bat atzematen badu, metodo berdina erabiliz erauziko du. Kolonoskopiaren iraupena 30 eta 60 minutu artekoa da, eta, mina saihesteko, lasaigarriak ematen dizkiote gaixoari.
Horixe da kolonoskopiari buruz Martari konta diezaiokeguna. Gainerako ikusle guztiok, badakizue; bidali teknopolis@elhuyar.com helbidera osasunari buruz dituzuen zalantzak, eta lehenbailehen erantzungo diegu.
Kolonoskopia
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian