Kirolari bereziak

Gasteizen, Mendizorrotzan, Udal Kirol Medikuntza zerbitzua dago. Orain gutxira arte, federatutako kirolariak aritu dira han, baina orain gaixo egon eta kirolak on egiten dien jendearentzako lan-saioak abiatu dituzte.
Familiako medikuak daude Mendizorrotzako Kirol Medikuntzako Zerbitzuan, baina kirola egiten dutenen familiako medikuak. Udal-zerbitzua, jatorriz, Gasteizko kirolari federatuentzat prestatua egon arren, azkenaldian kirolari peto-petoen itxura handirik ez duen jendearen topaleku ere bada. Osakidetzaren bidez iristen dira hona, familiako medikuak gaixotasunen bat diagnostikatu ondoren. Kirol Medikuntzako Zerbitzuan kasuak banan-banan aztertu eta ariketa fisikoa agintzen zaie.

Juan Gandía, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko zuzendaria
Ideia nagusia jendeak bizitza osoan jarduera fisikoa egitea da, ez diezaiola kirola egiteari utz. Erronka, batez ere, patologiaren bat zuen jendea integratzea zen, jende horri gehiago kostatzen zaio-eta kirola egita. Kontua izan zen ikustea ea gauza ginen patologia kronikoren bat duen jendea horrelako programetan sartzeko, agerikoa baita ariketa-fisikoak gaixotasuna kontrolatzen laguntzen diola.

Juan Luis Zunzunegui, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko medikua
Esan dezagun bagenekiela zer nahi genuen, baina, horrelakoetan gertatzen denez, ez genekien oso argi nolakoa izango zen teoriatik praktikara igarotzea. Jakintza zientifikoa genuen, ideiak argi genituen, baina praktikan jartzea falta zitzaigun. Komatxo artean esanda, kirolari apur bat bereziekin lan egin behar genuen. Ni kirol profesionaletik nentorren, maila altuko kirol-mundutik, eta erronka berri bati heldu nahi nion. Patologia kronikoak zituzten gaixoekin lan egin nahi nuen. Zergatik? Banekielako kirol-jarduera modu erregularrean eginez gero onura handia eragin zezakeela.

Taldeak txikiak dira, 8-10 lagunekoak, talde-giroa eta talde-dinamika bultzatzeko. Taldeak txikiak dira, monitoreek kirolarien berri zehatzagoa izan dezaten, eta kirolariek monitorearekin konfiantza izan dezaten. Taldeak txikiak dira, neurrira egindako ariketak jartzen zaizkie eta. Izan ere, taldeak arazoaren arabera osatzen dira. Obesitate-arazoa duen jendearekin osatutako taldeak daude, lunbalgiadunena, fibromialgiadunena, osteoporosia dutenena, diabetiko-taldeak... eta etorkizunean gehiago.

Juan Luis Zunzunegui, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko medikua
Minbizia gainditu duen jendearekin lanean hasteko aukera aztertzen ari gara, depresioak eta beste arazo psikiatriko batzuk dituen jendearekin, biriketako gaixotasun kronikoa duten jendearekin. Bihotzeko arazoak dituen jendearekin ere lan egin nahi dugu, bihotzeko ebakuntzaren bat edo transplanteren bat jasan duen jendearekin. Izan ere, jende horri alta ematen zaio, eta klinikoki ondo dago, baina gero errehabilitazioa behar du, jarduera fisikoa egitea. Gu hor sartuko ginateke, eta haiendako ariketa-mota egokienak irakatsiko genizkieke.

Ikasturte bateko iraupena dute Mendizorrotzako programek. Hortik aurrera, ikasturtean zehar ikasitakoarekin, ematen zaizkion jarraibideekin, bakoitzaren ardura da kirola egitea.

Niretzat bigarren hiruhilekoa da, baina beste urte batzuetan ere egon izan naiz. Diferentzia handia dago; niregatik, urte osoan aukera balego, hobeto.

Askoz ere arinago. Etorri nintzenean, zera, bertigoa nuen eta ez nintzen mugitzen. Orain, jada bakarrik nabil, makilarik barik, eta lehen erabiltzen nuen.

Juan Luis Zunzunegui, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko medikua
Gogobetetze-maila oso altua da. Zenbat jende etortzen den kontuan hartzeak ere hori adierazten du, aurrez antzerako ekimenetan ezagutu ditudan parte-hartzearen batez bestekoen oso gainetik. Gero, kontrol mediko eta fisikoak ere egiten ditugu programan zehar, eta hor garbi ikusten dugu eragin fisikoa, hobekuntza fisikoa, badagoela.

Kirolari federatu askok ere, bere errendimendua hobetu nahian, toki honetara jo ohi du. Izan ere, udal-zerbitzua abian jarri zenetik, kirolarien prestakuntzaz arduratu dira, errendimendua hobetzeko entrenamenduak prestatzeaz.
Ez dira gutxi toki honetan orduak eta orduak sartu dituzten eliteko kirolariak, eta zentroaren hormak dira lekuko. 1981ean ireki zenetik, aitzindari izan da hainbat arlotan.

Juan Gandía, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko Zuzendaria
Oxigenoa arnastean sortzen diren gasak aztertzeko sistema bat jartzeko zortea izan genuen, zeren orduan hemen ez zen horrelakorik egiten. Azido laktikoa neurtzeko pare bat tresna ere jarri genituen, eta horrelakorik ere ez zegoen; hortaz, aitzindari izan ginen azido laktikoen neurketekin kirolarien errendimendua kontrolatzeko teknika horietan.
Eta ikerketa-lerroren bat ere ireki genuen. 1985ean, ireki eta lau urtera, mendizale arabarren espedizio bat aprobetxatuz, altuerako fisiologia-laborategi bat egin genuen. Juanito Oiartzabalek igo zuen lehen 8.000koan izan zen, Cho Oyun. 5.000 metrora etxola metaliko bat eraikitzea lortu genuen. Besteak beste, gasak aztertzeko sistema bat genuen, espektrofotometro bat azterketak egiteko, oxigeno-kontsumoa egiteko bizikleta bat, altuerako esfortzu-probak, eta, egia esan, ikerketa aitzindaria izan zen, artean horrelakorik ez zelako egin inoiz Espainian.

Kirol Medikuntzako Zerbitzuan lanean ari diren bi sendagileen, fisioterapeutaren, monitoreen eta 6 erizainen denbora gehiena kirolarien arazoak konpontzera bideratzen da, baina ikerketa-lanean ez da etenik egon.

Juan Gandía, Kirol Medikuntzako Zerbitzuko zuzendaria
Azken bost urteetan tendoietako gaixotasunen inguruko ikerketa bat egiten ari naiz. Izan ere, kirolariei arazo asko sortzen dizkien kontua da, sarritan atentzio handiagoa ematen duten beste arazo batzuk baino larriagoak, jokalari batek lotailu gurutzatua puskatzea adibidez. Hori konpontzea Akilesen tendoiaren arazo kroniko bat konpontzea baino errazagoa izaten da. Oinaren patologiari buruzko ikerketak ere baditugu, oinatza aztertzeko sistema batekin egindakoak. Eta ikusteko dago ikerketa horrek zer eragin izan dezakeen kirolarien arazoak konpon ditzaketen barne-zolak edo protesiak diseinatzerakoan.

Kirolarien entrenamenduen diseinua, ikerketa-lana, eta gaixotasunen bat edo lesioren bat dagoenean, erremedioa jartzea izan dira Gasteizko Kirol Medikuntzako Zerbitzuaren zeregin nagusiak orain arte. Haiei uko egin gabe, etorkizunean badirudi kirolari berezien taldeekin erdibanatu beharko dutela denbora.

Kirolari bereziak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali