Kakaoaren toxinak
Aurkezlea:
Nori ez zaio txokolatea gustatzen? Askorentzat plazer hutsa da jatea, eta mepekotasuna sor dezake, beste bizio batzuk ordezkatu ditzake edota pertsona tristeena ere animatu dezake. Txokolatea egiteko osagai nagusia kakaoa da. Orain apur bat gehiago dakigu produktu honetaz. Nafarroako Unibertsitateak Ocratoxina A izeneko toxina aurkitu du kakaoan.
Kakao‑landarea Hego Amerikakoa da. Zazpigarren menderako aztekek eta maiek txokolatea egiten zuten jada kakaoarekin. Hernan Cortesek Europara ekarri zuen eta pixkanaka hedatu egin zen bere kontsumoa. Gaur egun mundu osoan jaten da eta kakaoa hainbat herrialdetan ekoizten da: Brasilen, Kolonbian, Ekuadorren, Kamerunen, Indonesian, Malaysian ... Hala ere, gehien ekoizten duena Boli Kosta da. Urtean 3 milioi tona baino gehiago ekoizten dira mundu osoan.
Klima tropikala apropos‑aproposa da kakaoa landatzeko; eguraldi bero eta hezea, azken finean. Fruituak zuhaitzean bospasei hilabete eman ondoren, uzta jaso eta 3 eta 6 egun bitartean lurrean heltzen uzten da. Ondoren fruitua ireki eta barruan dagoen mamia ateratzea da. Gurina kendu eta haziak beste bospasei egunez eguzkitan lehortzen jartzen dituzte zakuetan bildu aurretik. Normalean ekoizleek horrela merkaturatzen dute kakaoa, eta ondorengo eraldaketak txokolate‑ekoizleek egiten dizkiote. Oso ondo kontrolatu behar izaten da lehortzearen fase hori, haziek hezetasun‑maila egokia izan dezaten. Ostera, toxinek kakaoa kutsatu dezakete.
Orain hilabete batzuk arte Susana Amezqueta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia eta Farmazia fakultateen ikertzailea izan da. Bere tesian inportatutako kakao laginak aztertu ditu eta hiru laurdenetan baino gehiagotan Ocratoxina A deituriko toxina topatu du.
SUSANA AMEZQUETA, ikertzailea : Toxina hauek lizunek bere metabolismoaren bitartez sortzen dituzten sustantzia batzuk dira. Kakao aleak estres egoera batean badaude, esaterako, biltegian hezetasun asko badago edo euri asko egin badu, lizunak sor daitezke, eta baldintzen arabera, lizun horiek toxinak ere sor ditzakete
Ocratoxina egunero hartzen ditugun hainbat produktutan agertzen da, zerealetan, kafean, kakaoan, garagardoan eta espezietan adibidez. Toxina hau oso iraunkorra da alde kimikoari dagokionez eta ez da ezabatzen janaria prestatzerakoan. Europar Batasunak Kafeak edo zerealek izan dezaketen Ocratoxina maila mugatu egin du, eta kakaoarekin ere gauza bera egingo du.
Baldintza normaletan toxina honen agerpena Europar Batasunak, printzipioz, kakaoren kasuan arautu dezakeena baino askoz baxuagoa da.
SUSANA AMEZQUETA, ikertzailea : Nire lanaren emaitzak, printzipioz, legeak aurreikusten dituen mailak baino baxuagoak dira, baina oraindik ez da zehaztu.
Legeek oso ondo finkatuta dute zer kontrolatu behar duten kaltea baliogabekoa edo minimoa izateko. Horrez gain, kontutan izan behar dugu umeek ere txokolatea kontsumitzen dutela , eta haientzat tolerantzia maila baxuagoa da. Beraz, oso kontrol baldintza zorrotzez mintzatzen ari gara, bai toxinei dagokionez bai eta bestelako sustantziei dagokionez ere.
Kontsumitzaleak babestuta daude, estatuak eta Europar Batasunak mikotoxina hauen mailak arautzen saiatzen dira eta biltegiak kontrolatuta dituzte. Orduan, guri, kontsumitzaileei, mokotoxina hauek ez digute kalterik egiten. Kontrolatuta daude)
Ikerlariek toxina honek esperimentazio animaliengan sortu ditzakeen kalteak aztertu dituzte momentuz. Oso dosi altuak emanda eta esperimentazio epe oso luzeen ondoren, gutxiegitasun arazoak somatu egin dituzte animalia hauen giltzurrunean, eta, kasu larrienetan, tumoreren bat ere organu berean. Frogatuta dago ere, baserri batzuetako animaliek, txerriek batez ere, giltzurrunean arazoak izan dituztela Ocratoxinak asko kutsatutako pentsua denbora luzez jan ondoren. Giza- odolean toxina hau badagoela ikusi dute, baina orainarte, ez da izurrite arrastorik antzeman gizakien artean.
ADELA LÓPEZ DE CERAÍN, ikertzailea : Zantzu batzuk izan dira baina ez ebidentzia epidemiologikorik. Beraz, ezin dugu ikusi argi eta garbi gizakiarentzat arazoa den edo ez. Baina, noski, animaliengan izandako efektuak jakinda, eta beste alde batetik, oso maiz kontsumitzen diren elikagaiak kutsatuta egon daitezkeela frogatuta egonda...arreta jarri behar dugu.Gizarteak jakin behar du elikagaiek oso kontrol zorrotzak pasa behar dituztela eta atzean ikerketa ugari dagoela. Guk ikusi behar dugu zein dositan agertzen den toxikotasuna eta gizakientzat seguruak diren limite oso baxuak jarri
Ocratoxina A kakao aleen azalean agertzen da gehienbat. Elikagaiaren eraldatze prozesuan azal hau erabat baztertzen da. Horregatik, txokolate bezalako deribatuetan nekez agertuko da toxina hau. Fibra asko duten produktuetan, aitzitik, kakaoren azal hau erabiltzen ohi da gehigarri dietetiko moduan. Kasu honetan, toxina irauntzeko arriskua badago. Arazoa ekiditzeko, Amezqueta ikertzaileak Ocratoxina %98 batean murrizten duen prozedura kimikoa diseinatu du. Oso metodo erraza da, karbonozko soluzioen bitartez sustantzia kanporatzen da.
Susana Amezquetaren ikerketa lana Nafarroako Unibertsitateko CIFA eraikinean, farmakobiologia aplikatuaren ikerketa zentruan, eraman da aurrera. Instalazio hauetan, azken hamar urte hauetan, mikotoxinei buruzko ikerketa egiten ari dira. Denbora honetan Ocratoxinaren jatorria aztertu egin dute, toxina honek kafea, mahatsak edo zerealak bezalako produktuetan duen presentzia neurtu dute, eta sustatziaren ezaugarri toxikoei buruzko informazio gehiago lortu dute. Orain, ikerketa beste toxina batzuetara zabaldu egin da eta oso teknika berritzaileak erabiltzen hasi dira, emaitz hobeagoak lortzeko asmoz.
ELENA GONZALEZ PEÑAS, ikertzailea: Momentu hauetan doktoretza tesi batzuk eramaten ari gara aurrera. Batean, esaterako, sagarrekin egindako produktuetan, adibidez zukuetan edo pureetan, zein patulina maila dagoen zehaztu nahi dugu. Oso interesgarria da ere orain hasi dugun beste ikerketa bat. Nahi dugu elikagai bakar batean toxina bat baino gehiago antzematea. Zentsua du pentsatzeak kontsumitzailarengana heltzen dena toxina desberdinez kutsatutako elikagaia dela. Gainera, toxikologoek adierazi dutenez, aldi berean elikagai hauek jateak edo banan banan egiteak ondorio desberdinak dituzte.
Nafarroako Unibertsitatetik adierazi dutenez, toxina hauen maila zerora gutxitzea ezinezkoa da baina limite batzuetatik ez pasatzeko ahalegin guztiak egitea bai.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







