2011 kimikaren nazioarteko urtea da, eta, hori dela eta, zenbait tailer eta ekintza antolatu dituzte Bilboko Alhondigan. Horietako batek Play Decide du izena, Jokatu eta Erabaki. Eta izenak dioen moduan, jokoaren bidez erabakiak hartzea izan da ekimenaren xedea. Nanoteknologia abiapuntutzat hartuta, teknologia berrien inguruan gizarteak izan behar duen esku-hartzeaz mintzatu dira parte-hartzaileak.
Jokatu eta erabaki
ENERITZ MUGURUZA; Elhuyar Fundazioa: Zientziari buruz eztabaidatu dugu. Nanoteknologia abiapuntutzat hartu dugu, eta, hortik abiatuta, planteatu dugu horrek zer onura dakartzan, zer arrisku dituen, eta horren aurrean gizarteak zer jarrera hartu behar dituen: nanoteknologiaren garapena inolako erregulaziorik eta politika zehatzik gabe onartu behar duen, edo gizarteak parte hartu behar duen eta erregulazio bat ezarri... Horretaz eztabaidatu dugu.
ENERITZ MUGURUZA; Elhuyar Fundazioa: Partaide bakoitzak mahai-tapiz bat du bere aurrean, eta informazioa jasotzen du txartel batzuen bitartez. Gero, bigarren fase batean, eztabaidatu egiten dute, eta saiatzen dira talde-ikuspuntu batera iristen. Azken fasean, jarrera politiko edo sozial bat hartzen saiatzen dira.
NEREA RODRIGUEZ: Oro har, nanoteknologiari buruz. Baina aplikazioak ere eztabaidatu ditugu, ondorioak, nork ordaintzen dituen ikerketak... Banekien minbizia tratatzeko frogak egiten ari zirela, baina ezer gutxi gehiago. Iritzi positibo batekin atera naiz hemendik. Alde on gehiago dituela uste dut.
ENERITZ MUGURUZA; Elhuyar Fundazioa: Ondorio orokorra izan da nanoteknologiaren aurrerapenen alde gaudela, baina, hala ere, erregulazio bat behar dela. Hau da, gizarteari galdetu behar zaiola zer uste duen, edo behintzat muga batzuk jarri behar direla. Ondorio horiek PlayDecide-ren webgunera igotzen dira. Europan eta munduan zehar antolatzen diren antzeko ekimenen ondorioak ere webgune honetara igotzen dira. Hortaz, ikus dezakezu Europan edo munduan zehar jendeak zer iritzi duen.
NEREA RODRIGUEZ: Oso baliagarria iruditzen zait kontinente oso bateko iritzia jakin ahal izatea webgune baten bidez, eta zure adineko edo beste adin batzuetako jendeak zer iritzi duen jakitea.
EGUZKIÑE BIDAURRAZAGA: Garrantzitsua iruditzen zait jendeak pentsatzen duena jakinaraztea. Uste dut horrelako eztabaida-lekuak egon beharko liratekeela; zerbaitetarako balio duten eztabaida-lekuak. Hau da, gai honekin zer eta nola egingo den erabakitzerakoan benetako eragina izango dutenak.
MARÍA GIL; Elhuyar Fundazioa: Denon ustea da zientziak eta teknologiak gero eta garrantzi handiagoa eta inpaktu zuzenagoa dutela gure bizitzetan, eta Elhuyar Fundazioan lan egiten dugu errealitate hori gizarteratzen eta jendeari hurbiltzen. Proiektu honekin, zehazki, harreman hori noranzko bakarrekoa izan beharrean -alegia, agenteok gizarteari zientzia eta teknologiaren inguruko informazioa eman eta jendeak jaso beharrean-, jendearen parte-hartzea bilatzen dugu horrelako ideiekin.
ENERITZ MUGURUZA; Elhuyar Fundazioa: Hau egiten dugun lehendabiziko aldia da. Alde batetik, esperimentu bat zen, jendeak nola erreakzionatzen duen eta zer iritzi duen ikusteko... Gehiagotan egitea gustatuko litzaiguke.
NEREA RODRIGUEZ: Atzo, GPS aldizkarian ikusita, amak esan zidan zientzia-arloko joko batzuk egingo zituztela hemen. Nire lagunari deitu nion, eta gaur etorri egin gara.
EGUZKIÑE BIDAURRAZAGA: Ondo dago. Hau zer zen ikustera etorri naiz, inoiz ez bainuen parte hartu teknologiari buruzko eztabaida ireki batean.
NEREA RODRIGUEZ: Oso esperientzia ona izan da, eta gomendatuko nuke etortzea, beste behin eginez gero.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







