Axalko, egurrezko bizikletak
Aitzol Telleria; diseinatzailea: Xasisa egiteko, lizarra erabiltzen dugu, dauzkan ezaugarriengatik. Hemen beti erabili izan da, aizkora, aitzur eta erreminten kirtenak egiteko. Lizarra, zain luzekoa delako, ondo okertzen delako, eta bai trakzioarekiko bai flexioarekiko erresistentzia handia duelako.
Gero egur bakoitzean begiratu behar da. Honek, adibidez, puntatik begi honetaraino zain zuzen-zuzena dauka, honaino balioko luke gure lanerako. Begi inguruan zaina okertu, bihurritu egiten da, eta ezin dugu hemendik lortu guk nahi dugun egur zuzena.
Egur-zatietatik xaflak ateratzen dira gero zerran, milimetro bat eta 2,5 arteko lodierakoak. Lizarrak indarra emango dio egiturari, eta bestelako egurrek azaleko kolorea. Egur tropikalak edo intxaur beltzak kasu.
Aitzol Telleria; diseinatzailea: Lehen esan bezala, egur garbia behar da laminak ongi atera ahal izateko. Ikusten duzue lizarrak, baldin eta egur garbia bada, ondo uzten duela kurba ematen; hemen begi txiki honek ez liguke utziko, ikusten duzue nola hasten den pitzatzen.
Pieza hau ikusten da laminaz osatuta dagoela; hau izango da gero koadroa osatuko duten piezetako bat.
Akatsik gabeko xaflen baturak beharrezkoa duen erresistentzia emango dio koadroari. Elkarrekin kolatuta, egitura osatuko duten piezen forma hartuko dute.
Aitzol Telleria; diseinatzailea: Hauek, adibidez, atzeko urkilaren diagonala eta horizontala dira. Elkarrekin lotuta, azkenean koadroa osatuko genuke; hau litzateke atzeko pieza... eta guztiak elkarrekin lotzen ditugu epoxi erretxinaren bidez, zati batzuetan torlojuz lotuta ere bai, indar gehiago egin behar den lekuan.
Azkenean lortzen duguna da koadro monokasko bat, karbonoarekin egiten den bezala. Karbonoa zuntz bat da, epoxiaren bidez moldeetan egiten da, eta, hemen, egurra okertuz lortzen dugu gutxi gorabehera antzeko zerbait.
Asmakizuna, hala ere, ez da berria. Lehenengo txirrinduak ere egurrezkoak ziren gehienbat ,eta, gaur egun, bat baino gehiago dira munduan bide horri ekin diotenak.
Merkatua bada hortaz.
Enrique Ardura; marketin- arduraduna, AXALKO: Beste ekoizle batzuk ere badaude, Japonian, Austrian, Estatu Batuetan... dena dela guk geure teknologia erabiltzen dugu, guk garatua. Oso ekoizle gutxi dago munduan egurrezko bizikletak egiten.
Azken urratsean, egurrak eta metalak bat egin behar dute koadroak forma har dezan. Balaztak, direkzioa edo pedalierra doazen lekuetan, aluminioa integratzen da. Hortik aurrera nahi dituen osagarriak jar diezazkioke txirrindulariak. Emaitza bizikleta arrunt-arrunta da, egurrezkoa izatea. Konparazioak eta aurreiritziak hor hasten dira.
Aitzol Telleria; diseinatzailea: Kanpotik ematen diogu karbonozko bizikletek daramaten geruza bera, poliuretanozkoa, eta horrek egiten du koadroa hidrofugo. Erabil daiteke euritan, eguzkitan edozein eguraldirekin, lasai erabili daiteke, ez da hondatzen.
Egurra beti erabili izan da egiturazko material moduan, etxegintzan adibidez, eta garbi dago material erresistentea dela. Eta honetarako ere balio dezake, dudarik gabe.
Frogatzeko, datorren urtean asmatzaileak berak triatloietan erabiliko du zurezko bizikleta.
Axalko, egurrezko bizikletak
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian