Mugikorrarekin egiten ditugun argazkiei iragazkiak jartzeak benetako artistak garela pentsatzera eraman gaitzake.
Pelikula zaharrak berritzeak lan handia eskatzen du. Argazki berriei zahar itxura ematea, berriz, oso erraza da. Eta modan dago.
Instagram argazkiak partekatzeko sare sozial bat da. iPhone eta Android mugikorrentzat eskuragarri dago, eta doakoa da. Telefonoaren kamerarekin ateratzen ditugun argazkiak moldatzeko aukera ematen du. Lehenik eta behin, irudi karratu bat moztu behar da, garai bateko kamerekin lortzen zena bezalakoa. Irudiaren distira eta kontrastea automatikoki hobetu daitezke, eta desenfokeak gehitu. Ondoren, iragazki bat aukeratu daiteke. Instagram-era igotzen diren argazkiek pisu gutxi eta, hortaz, kalitate eskasa dute, baina iragazkiekin lortzen den itxura vintage-ari esker, ukitu profesional bat ematen zaie.
Instagramek 100 milioi erabiltzaile ditu. Izan ere, oso erraz maneiatzen da eta ez daukazu argazkilari on bat izan beharrik irudi politak lortzeko. Iaz Facebookek erosi zuen Instagram, eta, hasiera batean, gure argazkiak saltzeko eskubidea hartuko zutela iragarri zuten. Erabaki hark jende asko uxatu zuen eta konpainiak atzera egin behar izan zuen.
Orain beste aplikazio asko batu dira iragazkien moda horretara. Esate baterako, Flickr-ek, argazkiak partekatzeko webgune ezagunak, mugikorretarako aplikazioari buelta bat eman dio, eta argazkiak moldatzeko eta konpartitzeko aukerak erraztu ditu publiko zabalago batengana iristeko. Eta, argazkiez gain, bideoak moldatu nahi badituzu, orain Vimeok ere eskaintzen du iragazkiak eta efektuak sartzeko aukera. Oraingoz doakoak dira, baina etorkizunean ordaindu egin beharko dira.
Iragazkien kontu honek, ordea, ez du miraririk egiten. Eta benetako artistak garela pentsatzen badugu ere, bi aldiz pentsatu beharko genuke gure maskota eta errezeten argazkiekin lagunak aspertu baino lehen.