Onintze Salazar

Onintze Salazar, meteorologo bilbotarra. 1971/04/04
Kaixo, Onintze Salazar naiz. Meteorologoa naiz, eta Euskalmeten egiten dut lan.
Atmosfera aztertzen duen zientzia da meteorologia. Bai atmosfera, bai bertan gertatzen diren fenomenoak. Eta meteorologo batek, egia esateko, alor askotan egin dezake lan. Badakit ezagunena iragarkiak egitea dela, baina noski, iragarpen horiek egin ahal izateko, atzetik lan handia dago, bai ikerkuntza-mailan, eta baita modelo horiek hobetzeko bide horretan ere. Zenbakizko ereduak dira, eta hor meteorologo asko aritzen da lanean. Horrez gain, ingurumenaren arloan ere badago lana, hau da, kutsatzaileen dispertsioaren azterketan, eta aireportuetan eta nabigazioan ere bai.
Iragarpenen mundu honek garrantzia dauka gure aisialdia antolatzeko egiten ditugun iragarpen guzti hauek, baina garrantzia dauka batez ere muturreko fenomenoak datozenean aurreikuspen on bat egiteko, gero horrek gizarteari ahalik eta kalte gutxien egiteko. Kasu horietan iragarpenak ongi egin behar dira, ondo zaindu behar da egoera, eta hor ere lan handia dago. Beraz, hor lortzen dena da kalte materialak edo kalte pertsonalak ekiditea edo behintzat ahalik eta gutxien izatea.
Alde batetik, iruditzen zait jendeak estimatzen duela guk emandako informazioa, eskatu egiten du egunero, gero eta gehiago, eta alde horretatik iruditzen zait, ba bai, estimatua dagoela guk egiten dugun lana. Baina, bestalde, badago beti jendea, nik uste dut ezjakintasunagatik, kritika handiak botatzen dituena eta uste duena gure lanak ez duela balio edo gaizki egiten dugula lan. Eta ez da nahastu behar, iragarpen bat ona edo txarra izatearekin. Horrek ez du zer ikusirik guk lana ongi edo gaizki egitearekin.
Lehenbizi, jakin behar dugu iragarpen bat, probabilitate bat dela. Meteorologiak atmosferak kaosaren teoriari jarraitzen dio, eta kaosaren teoriak esaten duenez, ezin dira iragarpenak ehuneko ehuneko fidagarritasunarekin egin, ezin dira egin gaur egun eta ezin izango dira egin gero ere. Lortzen ari garena urteen poderioz gero eta iragarpen hobeak egitea da. Saiatzen ari gara fidagarritasun-maila hori gero eta handiagoa izan dadin, baina beti egongo da ziurgabetasun-maila bat, beti.
Nik fisika ikasi nuen. Hasiera batean, astrofisika gustatzen zitzaidan asko, eta horregatik hasi nituen ikasketa horiek. Baina gero bidean meteorologia ezagutu nuen, gehiago gustatu zitzaidan, eta esan nuen: "Aireko edo Atmosferako Fisika ikasiko dut". Karrera Bartzelonan bukatu nuen, eta orduan, garai hartan, lan egiteko aukerarik gehienak Bartzelonan eta Madrilen zeuden, eta han eman nituen lehenengo lau urteak lan egiten, iragarpenak egiten eta aurkezten. Gero Euskalmet sendotzen eta hazten hasi zenean, deitu egin zidaten, eta egia esan ez nuen gehiegi pentsatu eta Euskal Herrira bueltan etorri nintzen, eta ordutik Euskalmeten ari naiz lanean.
Lan honetan nahi izan dudalako sartu naiz, nahi nituen ikasketak egin ditut, eta, egia esan, lan egiteko, orain bururatzen zaidan arlorik politena horixe da. Beraz, oso gustura egiten dudan lana da. Afizio puntu bat ere badago, pasio puntu bat ere badago, baina ez naiz Internetera begira egoten den horietakoa; badakit deskonektatzen. Egia esan, hemen gelditzen banaiz oporretan, zailagoa da guztiz deskonektatzea; izan ere, eguraldia egunero aldatzen den zerbait da, baina badakit deskonektatzen. Batez ere lanbide bat da, eta oso gustura egiten dudan lanbidea da.
Egiten dudan lanaren parte bat publikoa denez, lana gehiago aztertzen da, jende gehiagok ikusten du zure lana, jende gehiagok dauka iritzia zure lanari buruz, eta, ondorioz, kritikak ere oso zorrotzak izaten dira. Eta kasu horietan, nik kritikak onartu egiten ditut gehienak, baina errespetu falta nabaritzen dudanean, hori ez zait batere gustatzen, eta hori da beharbada okerren eramaten dudana.
Gauzarik onena edo onenetarikoa da beti ikasten dela zerbait berria. Alde batetik, eguraldiak aldaketak izaten dituelako etengabe, eta gero, denboraren poderioz, esperientziak hainbat gauza erakusten dizkizu, eta beti ikasten duzu zerbait berria, eta horrek indarra ematen dizu jarraitzeko. Bestetik, meteorologia nahiko bizirik dagoen zientzia bat da, aurrerapausoak ematen dira, eta beti egon behar duzu egunean, eta izaten diren aldaketen inguruan jarraitu behar duzu lanean, eta horrek ematen dizu indarra eta gustua eta plazera.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali