Marrazoak ere arriskuan
Gaiz aldatu eta itsasoan murgilduko gara orain. Bisigua, antxoak… Gero eta gehiago dira Europako uretan gutxitu eta ia desagertu diren arrain-espezieak. Arrainak desagertzea arazo ekologikoa ez ezik, arazo ekonomikoa ere bada, besteak beste gure arrantzaleei zuzenean eragiten dielako harrapakinak gutxitzeak edota arrantza-kuotak jaisteak.
Europako Batzordeak melkaren arrantza-kuotak erdira jaitsi ditu aurten, eta beste zenbait babes-neurri ere iragarri ditu. Gehiegizko ustiapenak desagertzeko arriskuan jarri du marrazo-espezie hori. Itsas ekosistemen orekarako, ordea, ezinbesteko dira melka eta beste marrazo espezieak.
Azken 20 urteetan, marrazo eta arraien harrapaketak % 35 gehitu da. Gaur egun, urtean 800.000 tona inguru arrantzatzen dira. Gehiegizko ustiaketa horren ondorioz, mundu guztian marrazo-espezie batzuk desagertzeko arriskuan daude, baita Europako itsasoetan ere. Arrisku horren adibide melka da. Itsas hondoetan elikatzen den marrazo txiki hau Europako marrazo-arrantzaren xede nagusia izan da. 1960ko hamarkadan urtean 60.000 tona melka harrapatu izan ziren. Irudi hauek duela 20 urte baino gehiagokoak dira. Azaltzen duten mundua desagertu egin da. Harrapaketak zeharo gutxitu dira.
Gaur egun, nekez ikus daitezke melka gutxi batzuk arrain-enkanteetan. Espezie honek bi urteko ernaldia du. Hain ernaldi luzeko beste espezierik ez da ezagutzen. Hain ugalketa-ziklo luzearen ondorioz, oso espezie ahula da gehiegizko ustiaketari aurre egiteko. Beste marrazo-espezie batzuek ere arazo bera dute.
JIM ELLIS; INGURUMEN, ARRANTZA ETA ITSAS ZIENTZIEN ZENTROA: Arrantzaren helburu nagusia arrain handiak izan dira, eta handienak emeak izaten dira. Kumeek lagunduta joaten dira emeak, eta horien harrapaketak populazioen erabateko jaitsiera ekarri du. Ondorioz, eta gure datuen arabera, melka desagertzen ari da. Ikerketa-ontzietan harrapaketa-tasak asko gutxitu dira, eta datu komertzialek ere erabateko jaitsiera azaltzen dute.
2009an Europako Batasunak erdira jaitsi ditu melka-kuotak, eta 2010erako jaitsiera handiagoa eskatuko duela ohartarazi du.
Premiazko neurriez gain, marrazoak kontserbatzeko eta kudeatzeko ekintza-plana proposatu du Batzordeak. Itsasoko ekosistemen oreka mantentzeko, ezinbesteko dira espezie horiek. Marrazoak babestea ezinbestekoa da, beraz.
ANTONIO DI NATALE; AQUASTUDIO: Espezie pelagiko handien gaitzak kontrolatzen laguntzen dute. Gure ustez, marrazoak behar beste izan balira, Mediterraneo itsasoan gaixorik aurkitzen ditugun ezpata-arrain askok ez zuten bizirik iraungo. Hautespen naturalerako ezinbesteko elementua dira.
Batzordeak proposatutako ekintza-planaren helburua da Europako Batasuneko arrantza-flotak hartuko dituen marrazo eta arraien ustiaketa jasangarria izatea. Horretarako, nahitaezkoa da espezie horiek hobeto ezagutzea. Hori ez ezik, aplikatubeharreko kudeaketa-neurrien eraginkortasuna ere bermatu behar da.
NATALIE CHARBONNEAU; EUROPAKO BATZORDEKO ELEDUNA: Arrantza jasangarria bermatzeko, marrazo- eta arraia-espezie bakoitzarentzat neurri zehatzak hartu behar ditugu. Besteak beste, eremu jakin batzuetan edota errunaldietan arrantza gutxitu dezakegu. Kumeak ere babestu behar ditugu.
Arrantza erabat debekatzea izan daiteke neurrietako bat. Dagoeneko hori gertatu da marrazo erraldoiaren kasuan, marrazo-espezie hori desagertzeko arriskuan baitago gehiegizko ustiaketaren ondorioz.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







