Deskargen aurkako legea
Joan den urtearen amaieran, Espainiako Ministroen Kontseiluak Ekonomia Jasangarriaren Legearen aurreproiektua onartu zuen. Lege horren arabera, Kultura Ministerioak egile-eskubideak ustez urratzen dituzten webguneak ixteko ahalmena izango du. Erabakiak, noski, sareko hautsak harrotu ditu.
Filmak, musika edo egile-eskubideek babestutako beste edozein eduki deskargazteko loturak eskaintzen dituzten webguneekin amaitzea da legearen helburua. Jabetza Intelektualaren Batzorde batek itxiko lituzke webguneok. Itxiera horrek oinarrizko eskubideren bat urratzen duen ala ez, baina ez besterik, epaile batek erabakiko luke.
Milaka lagun azaldu dira ‘deskargen aurkako lege'aren kontra. ‘Internet-eko oinarrizko eskubideen aldeko adierazpena' argitaratu da, eta atxikimendu ugari jaso ditu. Adierazpen horrek dioenez, egile-eskubideak ezin dira gure oinarrizko eskubideen gainetik jarri, hala nola adierazpen-askatasunaren edo pribatutasun-eskubidearen gainetik.
Bestetik, webgune batera sar gaitezkeen ala ez epaile batek erabaki beharko lukeela diote internautek, ez ministerioren mende dagoen erakunde batek. Gainera, uste dute Interneti esker hainbeste demokratizatu den sormen intelektualari oztopoak jartzen ari zaizkiola.
Zalantzarik gabe, egileek eskubidea dute beren lanari etekin ekonomikoa ateratzeko. Baina kultura-edukien sorkuntzan aritzen den industria da aro berrietara moldatu behar dena.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



