Armiarma-sarea
Sarea eraikitzeko, armiarmak ardatz bat eratzen du, forma bat baino gehiago izan dezakeena; gero, erradioak josten dizkio, eta, azkenik, barrutik kanpora doan espiral bat marrazten du erradio guztiak lotzeko. Gainera, eskalatzaile baten modura, armiarmak beti uzten du gorputzari itsatsitako segurtasun-hari bat, arriskua sumatu eta berehala ihes egin ahal izateko. Hari horrek tranpan erori den intsektu baten mugimenduari antzemateko ere balio du.
Armiarma batek ordubete inguru pasatzen du bere sarea eraikitzen eta energia asko erabiltzen du lan horretan. Horregatik, ez da arraroa armiarmek, egunero, egindako sarea jatea, proteina horiek berreskuratzeko.
Baina armiarma guztiek ez diete harrapakinei amaraunean ezkutatuta itxaroten. Batzuek sare txikiak egiten dituzte, ehiza aktiboa egiteko. Beste batzuek, berriz, etsaia zetarekin biltzen dute, ahoarekin heltzen dioten bitartean erasorik ez jasotzeko.
Amaraun mota asko dago: hari itsaskorrez egindakoak eta baita artilearen antzekoak ere, harrapakinak ihes egiteran kateatuta gelditzeko pentsatuak. Baina denek dute helburu bera: harrapakinak atzematea.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



