}

Zumaia, Paleozenoaren munduko erreferente

2007/06/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zumaian egin berri den Workshop Paleocene 2007 kongresuak fruitua eman du: Itzurungo labarrak Paleozenoaren barruko garaien mugak aztertzeko erreferente direla ebatzi dute kongresuan bildutako nazioarteko geologoek.
Zumaiako kongresuan erabaki dute Paleozenoko estratotipo izendatea.

Lurraren historia arotan banatzen da. Paleozenoa da horietako bat. 9 milioi urte hartzen ditu gutxi gorabehera, duela 65 milioi urtetik duela 56 milioi urtera bitartekoak; hau da, dinosauroak desagertu zirenetik azken berotze global handira arte. Itzurungo arrokak garai hartako erregistro paregabea dira. Geruzaz geruza, hutsunerik gabe eta erraz aztertzeko moduan, Paleozenoaren historia osoa gordetzen dute arrokek.

Hala, Paleozenoaren barruan dauden aldiak ere —Daniarra, Selandiarra eta Thanetiarra—ondo bereizten dira Zumaian. Hori dela eta, Zumaiako arduradunek eta EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko geologoek Paleozeonoaren muga ofizialak (estratotipoak) Zumaiakoak izatea proposatu zuten. Hori aztertzeko antolatu zuten kongresua, eta erabakia Zumaiaren aldekoa izan da.

San Telmo ermitaren azpian dago estratotipoetako bat.
(Argazkia: A. Hilario)

Algorri interpretazio-zentroko arduradun Asier Hilarioren arabera, “merezitako lorpena izan da”. Izan ere, Kretazeo-Tertziarioaren arteko muga eta Paleozeno-Eozenoaren artekoa ere oso garbi bereizten dira Zumaian, eta biak ere proposatu izan dituzte estratotipo izendatzeko, bata 1991n eta bestea 2004an, baina bietan bigarren lekuan geratu zen Zumaia (lehenengoaren kasuan,Tunisiako eremu bat aukeratu zuten, eta bigarrenean, Egiptoko bat).

Oraingoan ere, Egiptoko beste eremu batekin lehiatu da, Kreiya izeneko Nilo arroko gunearekin, hain zuzen. Baina azkenean Zumaiak lortu du izendapena. Hortaz, hemendik aurrera, adin horretako arrokak aztertzen dituzten geologoek Zumaiakoak izango dituzte erreferente.

Lehendik ere nazioarteko geologo ugari joaten zen Zumaiako labarretara aipatutako muga horiek ikertzera, ez baita erraza guztiak leku berean hain ondo egotea. Orain, gainera, Paleozenoaren barrukoek onarpen ofiziala dute. Ez da harritzekoa, beraz, geologoek altxortzat hartzea Zumaiako labarrak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia