Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zumaia: inguruko naturgune interesgarriak (III)

1990/09/01 Teres, Jose Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zumaiako txoko honetatik, naturgune interesgarri hauei eskaini nahiko genieke azkeneko artikulua. Gogoratzen bazarate, naturgune hauek aztertzen hasi ginenean kostaldean kokatzen diren ekosistemarik adierazgarrienak aipatzen genizkizuen.

Zumaiako txoko honetatik, naturgune interesgarri hauei eskaini nahiko genieke azkeneko artikulua. Gogoratzen bazarate, naturgune hauek aztertzen hasi ginenean kostaldean kokatzen diren ekosistemarik adierazgarrienak aipatzen genizkizuen: 1. Ibai bokaleak, Kantauri aldeko artadiak eta padurak (Bedua). 2. Padura eta hondartzako duna-sistemak (Santiago). 3. Eta oraingo honetan, itsaslabarrak eta marea arteko guneak aztertzen saiatuko gara, azkeneko hauek besteak bezalaxe oso ekosistema aberatsak, adierazgarriak eta bitxiak gertatzen direlarik.

Aitzgorritik, Aitzuriko senaia eta San Telmoko hondartza. Paisajistikoki oso balio handiko zonak dira.

Aztertuko dugun kostaldeko txoko bitxi hau, oso ezaguna den egitura geologiko baten barruan kokatzen da; kostaldeko flysch ean hain zuzen ere. Baina agian galdera hau bururatuko zaizu: zer da askotan entzun dugun flysch a? Ba erraz esanda, fenomeno geologiko desberdinen (sedimentarioen) kausaz gure kasuan bezala kararriak eta material bigunak (margak) erritmikoki alternatzea da, ondoko argazkian ikusten den egitura geologiko tipikoa eratuz.

Dirudienez, Alpe Mendietan definitu zen aurreneko aldiz aipaturiko egitura geologiko hau, nahiz eta han fenomeno hau beste material batzuen artean gertatu. Honelako eraketa guztiak flysch hitzaz ezagutzen dira.

Zumaiako flyscha, aurrekaldean itsasoak sortutako higadura nabarmentzen delarik.

Dudarik gabe, lehenago aipatu dugunez, paisai aldetik itsaslabar hauen garrantzia begibistan dago, baina ba al dute beste ezaugarririk?. Alde batetik, geologiari buruz hitz egiten dugunean badirudi oso gai berezia eta lehorra dela eta espezializazio handiko pertsona bakan batzuen gaia izan behar duela. Baina ez du horrela zer izanik; gure planetan urteen poderioz gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketa eta fenomeno desberdinak ondo ulertzeko, zona hauek benetako museo eta laborategi natural bihurtzen bait dira.

Gure kasuan, Zumaiako flysch ean material desberdinak aurkitzen dira; garai geologiko desberdinen adierazleak. Aitzuriko senaian adibidez, 2. aroko kararri zuriak (Kretazikokoak, duela 70 milioi urtekoak gutxi gorabehera) aurkitzen baditugu, ekialdera abiatuz material berriagoak agertuko dira. Gure zonan agertzen diren material arrosa-zuriak 2. aroko bukaerako adierazle tipikoak ditugu.

San Telmoko hondartzan, itsasoak puskatutako geruzak ikusteko adibiderik nabarmenena dago.

Baina material honekin osatutako geruzak nola altxatzen diren, nola tolesten diren, nola puskatzen diren (failak) edota nola garraiatu, kokatu eta sedimentatu diren ikusten badugu, aipaturiko zona benetako entziklopedia geologiko bihurtuko litzaiguke, eta gure eskoletan liburu baten aurrean fenomeno hauek esplikatzea askotan hain zail gertatzen zaiguna, bertan esplikatzea askoz ere errazago eta aberatsagoa izango litzaiguke dudarik gabe.

Horregatik da Zumaiako flysch a hain ezaguna, leku askotatik geologoak beren ikerketa eta tesinak egitera etortzen direlarik. Askotan bertakook gure eskuetan daukaguna ez dugu behar den bezala baloratzen, eta bada hain eskas ditugun bitxikeria ekologiko hauei merezi duten tratamendua emateko garaia. Denon onerako izango da.

Zumaiako flyschean oso erraz aurkitzen dira antzinako aztarnak; fosilak alegia. Flysch honen geruzetan bizidun desberdinek utzitako marka edo “pistak” garbi ikusten dira, halaber ere elementu ez organikoek utzitakoak.

Geologoen paradisuan aurkitzen garela begibistan dago, baina geologiaz bakarrik ez gara arituko; zona honek beste balio interesgarriak ere bai bait ditu. Hauetariko bat landaretzari dagokiona da. Gogoratu aurreko aleetan (Elhuyar 33 eta 35), talde honek padura eta duna-sistematan zuen garrantzia. Ba, malda eta itsaslabarretan kokatzen dena ere besteak bezalaxe garrantzitsua da; horrelako lekuetan bizi ahal izateko osomoldaera bereziak garatu behar izan dituena.

Gainera itsaslabarretan zona desberdinak agertzen direla aipatu behar da. Zona batzuetan olatuen indarrak noizbehinka izango du eragina. Beste batzuetan, orientazioa kontutan hartuz haizearen eragina bortitzagoa izango da eta, nola ez, itsaslabar beraren egoera ere bai, hau da, higaturik dagoen ala ez, pendiz handikoa den ala ez, pitzadurak agertzen diren ala ez, zapaldak agertzen diren ala ez.

San Telmoko baseliza. Bertan dagoen balkoitik panoramika ederra begiztatzen da. Bere ondotik itsas aldera abiatzen den bideari jarraitzen bagatzaizkio, ez zaigu inoiz ahaztuko muturretik ikusten den panoramika idilikoa.

Bertako landaretzak moldaera desberdinak aurkezten ditu (gazitasun-maila handian irauteko sistema bereziak, sustrai-aparatu bortitzak, pitzaduretan bizi ahal izateko egokitze-sistemak...) eta era batekoa edo bestekoa izango da, lehenago aipaturiko baldintza gogorrak gainditu ahal izateko.

Baina gehiegi luzatu gabe gure zonari helduz (kararritsua denez eta nahikoa higaturik agertzen denez), batez ere tramo bigunetan (margatan) baldintza hauetara egokitzen diren landareak agertzen dira bereziki. Hurrengo hauek dira aipagarrienak: Betibizi horia ( Helichrysum stoechas ), Itsas mihilua ( Crithmum maritimum ), Zauri-belarra ( Anthyllis vulneraria ), Itsas plantaina ( Plantago maritima ) eta ( Stachys ocymastrum ).

Azpimarratzekoa da, nahiz itsaslabarretako espezie tipikoa ez izan, iparraldean oso arraroa den Veronica orsiniana espeziea ere; gure zonan aurkitzen bait da, oso berezia izanik. Bestalde haizearen eragina oso bortitza izaten denez, zuhaitzak agertzea nahikoa zaila gertatzen da. Hala ere noizbehinka arteak ikusten dira, haizearen eraginari esker oso forma bereziak lortuz. Aipatzekoa da zuhaixka bat ere: karraskila ( Rhamnus alaternus ). Nahikoa arrunta da itsas maldetan. Oro har itsaslabarretatik urruntzen garen neurrian txilardi aurrekoa agertzen da, bi espezie tipiko aurkezten dituelarik: ainarra burusoila ( Erica vagans ) eta otabera arrunta ( Genista hispanica subsp occidentalis ).

Betibizi horia.

Zona honi amaiera emateko, marea arteko guneak aipatu beharrean gaude; benetako museo eta laborategi natural direnak. Aspalditik ustiratu dira gune hauek; bertan espezie ugari agertzen bait da: izkirak, olagarroak, hamarrak, magurioak, algak, lapak...

Ekosistema hauetan, askotan (uda-garaian batez ere), umeek beren gurasoekin gauza ugari hartzen dute ondorio desberdinak sortuz. Dena den, leku hauek ondo erabiliz oso aproposak dira; ekintza didaktikoak burutzeko batez ere. Adibidez, gure eskoletako natur programazioetan, ekosistema hauek dituzten garrantzia eta erabiltzeko egokitasuna agertu beharko lirateke. Baina noski, irakaskuntzari ez zaio dena leporatu behar; beste pertsona eta erakunde batzuek horrela izan dadin bideak jartzen ez dituzten bitartean alferrik izango bait da.

Itsas plantaina.

Bizidun batzuk besterik ez ditugu aipatu, baina putzu txiki batean denetik aurki dezakegu: botanika aldetik alga desberdinak, eta animali aldetik oskoldunak (itsas ezkurrak, izkirak, karramarro desberdinak...), moluskuak (olagarroa, muskuiluak, lapak eta magurioak), ekinodermatuak (itsasizarra eta itsas trikua), knidarioak (aktiniak eta itsas anemonak), itsas zizareak eta arrainak (kabuxak batez ere).

Ikus

dezakegunez material guzti honekin ekosistema honen azterketa didaktiko eta ekologikoa burutzea (bizidun guztien arteko harremanak, elika-kateak, muralak, eta abar egitea) ez litzaiguke zaila gertatuko; bizileku hauentzako errespetu minimoa edukiz, noski.

Marea arteko guneak oso leku aberatsak eta didaktikoak izaten dira.

Bestalde, aipaturiko zona prismatiko batzuen laguntzaz itsas hegaztiak (kaioak, zangak, ubarroiak...), limikolo desberdinak (itsas mikak, harri-iraularia, ...) eta oro har hegazti-pasea ikusteko ere oso leku aproposa da.

Ubarroiaren hegadarekin bukatu nahi izan dugu Zumaia inguruko naturgune interesgarri hauen azterketa (gogoratu Elhuyar 33. eta 35 aleetan argitaratuak). Guk batez ere azpimarratu genuenez, Foru-Diputazioak bere garaian aurkeztutako plangintzan Bedua ingurua babestu gabe gelditu zen, eta lerro hauetan oso ekosistema interesgarria eta berreskuragarria dela aitortuz babesteko premia eta arrazoiak adierazten genituen.

Bestalde, erabili nahi diren kriterio minimalistek ekosistema hauen egoera konponduko duten ala ez ikusteko dago. Dena den, gure politikariak kanpainan hasiak daudenez, ingurunearen kontserbazioa eta ekologia berriro ere goraipatuko dute. Ea esaten dutenaren arabera jokatzen duten. Ikusiko dugu.

Itsas anemona.
Karramarro beltza.
Ubarroia arratsaldeko azken hegaldian.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia