Zulo beltz masiboen inguruko hautsa hodeietan banatzen dela ondorioztatu dute
2021/09/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zulo beltzen inguruko hauts kosmikoa nola banatzen den ikertzen aritu da Mexiko, Korea eta Espainiako astrofisikari-talde bat. Zehazki, Kanarietako Teleskopio Handia erabili dute behaketetarako, eta, horri esker, aurretik egindako beste behaketa batzuetan lortutako informazioa osatu ahal izan dute. Ondorioztatu dutenez, badirudi hauts kosmikoa zulo beltzetik ehunka argi-urteetara dauden hodeietan antolatzen dela, eta zulo beltzetik ateratzen den haizeak eragina duela.
Itziar Aretxaga Mendez da ikerketan parte hartu duen astrofisikarietako bat, eta, azaldu duenez, galaxien nukleo aktiboek Eguzkiarena baino 10-1000 milioi masa handiagoa duten zulo beltzak dituzte. Zulo beltz horien inguruan dagoen materialak izugarrizko energia igortzen du, eta gai da galaxiaren nukleotik milaka argi-urtera dagoen materiala kitzikatzeko.
Kitzikatutako material horietako bat hautsaren silikatoak dira. Zulo beltzetik datorren energia jasotzean, erradiazio infragorria igortzen dute, eta, hain zuzen, erradiazio hori aztertu zuten aurreko lan batean, Spitzer teleskopioaren bidez. Hautsaren konposizioa eta banaketa irudikatzen zuten bost eredu alderatu zituzten, eta ikusi zuten, ondoen egokitzen zen ereduaren arabera, hautsa hodeietan antolatzen dela, eta zulo beltzetik datorren haizearen eragina ere aintzat hartzekoa dela.
Oraingoan, Kanarietako Teleskopio Handiarekin, aurretik ikertutako zulo beltzetatik hamahiruren irudi infragorriak lortu dituzte, bereizmen handian. Batean izan ezik, gainerako guztietan igorpena nukleoan kontzentratzen dela ikusi dute.
Hautsaren banaketa eta konposizioaren ereduak eta beste behaketa batzuen datuak kontuan hartuta, ondorioztatu dute geometria probableena hauxe dela: hautsa zulo beltzetik ehunka argi-urte gutxi batzuetara dauden hodeietan antolatzen da, eta zulo beltzetik datorren haizearen osagaia du. Horrenbestez, aurretik lortutako emaitza baieztatzea lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia