Zulo beltz bat eta igortzen duen zorrotada jaso dituzte, irudi berean
2023/05/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehen aldiz, irudi berean jaso dituzte zulo beltz bat eta handik ateratzen den materia-zorrotada handi bat. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, 2019an albiste bihurtu zena, irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Orain, zulo beltzaren grabitazio-indarretik ihes egiten duen zorrotada bat ere jaso dute irudi berean.
Irudia lortzeko, mundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabili dute: Global Millimetre VLBI Array (GMVA), Atacama Large Millimeter/submillimeter Array (ALMA) eta Groenlandiandiako teleskopioa (GLT). Horrela, aurreko irudian nabaritzen ez ziren uhin-luzerak jaso dituzte, eta horrek aukera eman die hobeto ulertzeko nolakoak diren zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak.
Adibidez, GMVAk orain hautemandako eraztunaren neurria aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa da, gutxi gorabehera. Astrofisikarien arabera, horrek adierazten du material gehiago ari dela erortzen zulo beltzera, orduan baino. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasun guztiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia