}

Zulo beltz bat eta igortzen duen zorrotada jaso dituzte, irudi berean

2023/05/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zulo-beltz-bat-eta-igortzen-duen-zorrotada-jaso-di
Zulo beltzaren itzala eta zorrotada erakusten dituen irudia. Arg. R.-S. Lu (SHAO), E. Ros (MPIfR), S. Dagnello (NRAO/AUI/NSF)

Lehen aldiz, irudi berean jaso dituzte zulo beltz bat eta handik ateratzen den materia-zorrotada handi bat. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, 2019an albiste bihurtu zena, irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Orain, zulo beltzaren grabitazio-indarretik ihes egiten duen zorrotada bat ere jaso dute irudi berean. 

Irudia lortzeko, mundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabili dute: Global Millimetre VLBI Array (GMVA), Atacama Large Millimeter/submillimeter Array (ALMA) eta Groenlandiandiako teleskopioa (GLT). Horrela, aurreko irudian nabaritzen ez ziren uhin-luzerak jaso dituzte, eta horrek aukera eman die hobeto ulertzeko nolakoak diren zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak.

Adibidez, GMVAk orain hautemandako eraztunaren neurria aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa da, gutxi gorabehera. Astrofisikarien arabera, horrek adierazten du material gehiago ari dela erortzen zulo beltzera, orduan baino. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasun guztiak.